Juanma Sarasola
Balantzan, eta agian zalantzan, jarriko dute gaur Europako Batasuneko Konstituzioaren oinarria izan nahi duen Lisboako Ituna. Irlandako Errepublikako herritarrak bakarrak izango dira -Erresuma Batuan kontserbadoreek jarritako helegiteak aurrera egiten ez badu, behintzat- Ituna erreferendumean bozkatu ahal izango dutenak, gaur. Ez agintariek hala nahi zutelako, Irlandako Konstituzioak hala agintzen duelako baizik. EBko gainerako estatu kideak soilik Legebiltzarrean ari dira Ituna bozkatzen; horietako hamaseik dagoeneko berretsi dute -Finlandiak atzo-, beste hiru horretarako azken tramiteetan dira, eta beste zazpik aurki bozkatuko dute. Nolanahi ere, Irlandako hegoaldeko herritarren esku dago EB berriz krisian sartzea edota erakundeak egokitzeko proiektuak argi berdea jasotzea.
Lisboari ezetz esanez gero, berriz koloka geratuko da proiektu neoliberala, eta hilaren 19tik 20ra Europako Kontseiluak egingo duen bileraren xede nagusia ondorioei nola egin aurre eta kalteak ahalik eta gehien nola murriztu aztertzea izango da. Horiek hala, Dublin eta Brusela urduri daude, azken asteotako inkestek aldatu egin dutelako hilabeteetan nagusi izan den itunarekiko baiezko joera.
Ulster TV kateko analista Ken Reiden esanetan, «izuaren botoia» sakatu zuten herenegun Irlandako Errepublikako hiru alderdi nagusiek, «boto emaileei larrialdi deia egiteko», galdeketan bai bozka dezaten. «Europako ministroek presioa areagotu dute, irlandarrek errefusatzen badute, Lisboako Itunarenak egingo duela esanez».
Dublinen koalizio gobernuan diren hiru alderdietatik nagusiak, Fianna Failek, oposizioko bi alderdirik handienekin, Fine Gael (kontserbadorea) eta Alderdi Laboristarekin, egin zuen deia. Alderdi nazionalista moderatuak -behiala errepublikanoa, eta Fine Gael baino geroago Sinn Fein historikotik bereizia- bere zatiketa batekin, PD Demokrata Aurrerakoiekin, eta GP Alderdi Berdearekin partekatzen du koalizio gobernua. Brian Cowen lehen ministroaren alderdia eta PD Itunaren aldekoak dira, baina berdeek boto askatasuna eman diete beren jarraitzaileei. Halere, Cowenek onartu du ez duela itunaren agiri osoa (ia 300 orrialdekoa) irakurri. Horrek sinesgarritasuna kendu dio.
Dublinek dio Irlandako Errepublikak EBn daramatzan 35 urteotan jasotako laguntzek ekonomia hobetzen eta Celtic Tiger deituriko goraldi ekonomikoa lortzen lagundu egin duela. Gainera, uhartea emigrazio iturri izatetik, etorkin hartzaile izatera igaro da. Baina loraldi hori ihartzen ari da krisi globalaren ondorioz.
Sinn Fein da, alderdi parlamentarioen artean, Itunaren aurkako bakarra. Hainbat alderdi txiki (errepublikano nahiz sozialista) eta gizarte talde ere aurka daude. Sinn Feingo presidente Gerry Adamsek ukatu du ezezko botoa akabera izango dela. «Herritarrek ituna errefusatuz gero, hobea lortuko dugu haren ordez». Alderdi errepublikano nagusiaren iritziz, Dublinek Ituna berriz negoziatu beharko luke, EBn duen ordezkari iraunkorra ez galtzeko, eta uhartearen neutraltasun, zerbitzu publiko eta langileen eskubideen arloetan beto eskumena atxikitzeko.
Ildo berean mintzatu da, RSF Republican Sinn Fein: «Lisboako Ituna EBren zentralizazio prozesuan beste urrats bat da. Onartua dago EBren konstituzio proiektuaren %96 dela; proiektu hori errefusatu egin zuten Frantziako eta Herbehereetako herritarrek [erreferendumean]. Orain bueltan da, itun gisa, Irlandako 26 konderritan izan ezik, gainerako estatuetan erreferendumik egin gabe. 60 arlotan baino gehiagotan 1973tik genuen betoa gal dezakegu».
RSFk dio Ituna onartzekotan, EBko Ministroen Kontseiluan Berlinek duen ordezkaritza %8tik %17ra igoko dela, eta Parisena %8tik %13ra. «Halaber, beren ordezkaritza bikoiztu egingo dute Londresek eta Erromak. Estatu handien botere lapurreta da, batasun berri horren kontrolerako. Dublinen pisua %1era jaitsiko da».
INKESTA ETA POSIZIO HARTZEAK. Itunaren aurkakoek diote Dublinek eta Bruselak B plana dutela, errefusaren kasuan hura abiatzeko. «Beti izaten da B plan bat», dio Sinn Feinen Europako auzietarako arduradun Eoin O'Broinek, Europako Batzordeko presidente Jose Manuel Durao Barrosok ukatu arren.
Dena den, urtarrilean EBren txandakako presidentetza hartuko duen estatua, Txekia, bere agintaldirako programaren bi bertsio ezberdin zabaltzen hasia da jada. «Testu alternatiboa bidaltzen ari gara, Ituna baliogabea den kasurako», azaldu zuen joan den astean Europako Auzietarako lehen ministrorde Alexandr Vondrak.
Sunday Business Post-ek iragan igandean kaleratutako inkestaren arabera, herritarren %42 Itunaren alde eta %39 aurka daude. Iragan astean, berriz, The Irish Times-ek zioen itunaren aurka zeudela herritarren %35, eta alde %30. Azkenaldian kontrakoen kopurua bikoiztu zela eta aldekoak bost puntu jaitsi zirela ere nabarmendu zuen kazetak. Dudatan daudenak konbentzitzean egongo da koska.
Lehen aldiz Bruselaren asmoen aurka agertu dira laborari irlandarrak, EBren Nekazaritza Komunerako Politikaren ohiko sostengatzaile nagusiak. Haserre daude EBren Merkataritza komisario Peter Mandelsonek -behiala Londresen Ipar Irlandarako ministroa- asmoa duelako berentzako EBk ematen dituen diru laguntzak murrizteko. Mandelson hori negoziatzen ari da MME Merkataritzaren Munduko Erakundean.
IFA Irlandako Baserritarren Elkarteko presidente Padraig Walshek Mandelson negoziatzen ari den akordioa errefusatu du. «Onartzea lortzen badu, nekazaritza sarraskituko du, Irlandan ez ezik, Europan barrena ere».
Iragan astean Dublinek laborariei esan zien prest legokeela bere beto eskumena erabiltzeko MMEren halako akordioa blokeatzeko. Baina laborariak ez dira fio, eskaintza justu erreferenduma baino astebete lehenago egin zuelako.
Hain zuzen ere, Frantziako eurodiputatu eskuindar Joseph Daulek, Europako Alderdi Popularreko buruak, Mandelson gogor kritikatu du, nekazaritza arloko merkataritza liberalizatzeko MMErekiko negoziazioetan «urrunegi» joan dela argudiatuta. Daulen iritziz, horrek «atzera bota» ditzake irlandarrak, eta Lisboako Ituna errefusatzera eraman.
Lisboak ezetza jasoz gero, hura berriz negoziatu edo bestelako urratsak egin bitartean, indarrean segituko du Nizako Itunak. Hain justu, hura errefusatu zuten irlandar eta daniarrek 2001ean, baina testuari aldaketa batzuk egin ondoren bi estatuotan onartzea lortu zuten agintariek, 2002an bigarren erreferenduma egin zutenean. Kritikoek argi dute hasierako galdeketan baiezkoa nagusitu izan balitz, agintariek ez zuketela bigarren bozketarik antolatuko.
Mundua
Lisboako Itunaren etorkizunerako egun erabakigarria
Irlandako herritarrek erreferendumean ituna onartzen ez badute, krisia piztuko da berriro EBn. Gaur da bozketa eguna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu