Presidentetzarako hauteskundeetarako hiru aste besterik geratzen ez direla, Egipton egoera gaiztotu egin da berriz ere. Atzo liskar gogorrak jazo ziren Junta Militarraren aurkako manifestarien eta armadaren artean. Polizia bat tiroz hil dute protestetan, eta Junta Militarrak etxeratze agindua jarri du indarrean Defentsa Ministerioko egoitzaren inguruan.
Ostegunean bertan Junta Militarrak adierazi zuen ez zuela utziko protestak Defentsa Ministerioaren egoitzara ailegatzea. Baina giroa berotuta zegoen: asteazkenean, armatutako hainbat gizonek islamisten manifestazioak lehertu zituzten, eta bederatzi lagun hil ziren liskarretan. Hori horrela, atzokoan Junta Militarraren ohartarazpenei entzungor egin eta ehunka lagun —gazte salafistak, gehienak— Abasiya auzora joan ziren militarrek ezarritako metalezko hesia botatzen ahalegintzera.
Ur zorrotadekin, gomazko pilotekin eta negar gasekin erantzun zuen armadak, eta hesiaren bi aldeetatik elkarri harrika aritu ziren. Osasun Ministerioak jakinarazi du gutxienez 128 lagun zauritu dituztela. Indarrez manifestariak sakabanatu ondoren, etxeratze agindua ezarri dute Defentsa Ministerioaren inguruan, gaueko hamaiketatik goizeko zazpiak arte. Etxeratze agindua hausten dutenen kontra «legeak onartzen dituen neurri guztiak» erabiliko dituztela ohartarazi du Mojtar al-Mula jeneralak telebistaz igorritako mezuan.
Tahriren ere protestak
Tahrir plazan ere manifestazio jendetsua egin zuten atzo Anaia Musulmanen jarraitzaileek, eta indarkeria gelditzeko eskatu zuten. Anaia Musulmanen Askatasuna eta Justizia alderdiko eledun Ahmed Abdelazizek azaldu du protestaren helburua Abasiyako hilketak gaitzestea izan dela. Era berean, hiru aste barru egingo dituzten bozetan herritarrek aukeratzen dutenari boterea emateko eskatu diote Junta Militarrari. Hain justu, Mohamed Mursi alderdikidea presidente izateko faboritoetako bat da.
Liskar gogorrak jazo dira Egipton manifestarien eta soldaduen artean
Junta Militarrak etxeratze agindua ezarri du Defentsako egoitzaren inguruan; polizia bat hil dute tiroz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu