Ferguson hiriko (Missouri, AEB) Poliziak argitara eman du larunbat arratsean Michael Brown gazte beltza hil zuen agentearen izena: Darren Wilson da, sei urtez hiriko Poliziarentzat lanean aritua. Babes neurri bereziak jarri dizkiote, jaso ditzakeen erasoetatik babesteko.
Haren izen-abizenak zabaltzeak ez du herritarren haserrea baretu, eta istiluak areagotu egin dira bart goizaldeko protestetan. Ehunka lagun elkartu dira seigarren egunez jarraian, eta Fergusonen 01:00 inguru zirela hasi dira liskarrak.
Izan ere, Browni tiro egin zionaren izen-abizenak zabaltzearekin batera, bideo bat hedatu du Poliziak. Bertan, ustez Brown den gazte bat ageri da denda batean lapurreta egiten. Brownen senideek eta manifestariek uste dute Poliziak arreta desbideratu eta gaztea kriminalizatu nahi izan duela bideo horrekin.