Liskarren erdian legebiltzarra aukeratzeko bozak egin dituzte Sirian

Oposizioak boikoterako deia egin du; Gobernuak adierazi du bozketa «normal-normal» egin dela

Erredakzioa
2012ko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
Gatazkaren erdian Siriak Legebiltzarra aukeratzeko bozak egin ditu. 1963tik lehen aldiz alderdi batek baino gehiagok aurkeztu ahal izan dute bozketara. Siriako lehen ministro Adel Safarrek adierazi du legebiltzarrerako hauteskundeak «urrats historikoa» direla herrialdearentzat, eta nabarmendu du «konspirazio saiakeren gainetik» iragarritako erreforma programarekin aurrera jarraitzen dutela. Oposizioak, baina fartsatzat jo ditu bozak, eta herrialdean indarkeriak ez duela etenik salatu dute.

Bozketa «normal-normal» egin dela adierazi dute gobernutik, eta «jende dezente» hurbildu dela botoa ematera. Aurreko egunetan ez bezala, Baxar al-Assad presidentearen gobernutik ez dute inolako enfrentamenduren berririk eman. Oposiziotik, berriz, atzokoan ere liskarrak jazo zirela diote. Londresen egoitza duen Giza Eskubideen Behatokiak azaldu duenez, frankotiratzaileek gutxienez hiru lagun hil dituzte Deir ez -Zor eskualdean. Horrez gain, Herri Koordinaziorako Batzordeen arabera, gutxienez desertatutako bost soldadu hil dituzte. Beste hainbat eskualdetan ere liskarrak jazo direla kontatu dute.

Boikoterako deia

Oposizioko talde gehienek boikoterako deia egin dute bozetarako. SNC Siriako Kontseilu Nazionalak, esaterako, hauteskundeak «fartsa bat» direla esan du, eta ez direla herritarren benetako nahiaren adierazle. «Ez ditugu bozak onartzen, prozesua ez delako askea izan eta ezta zilegi ere», esan du Mulhem al-Derubi SNCko buruzagietako batek. «Al-Assadek aspaldi galdu zuen zilegitasuna eta Sirian egiazko demokrazia hasteko boterea utzi behar du», gaineratu du.

Nazioartetik ere kritika ugari eragin du hauteskunde deialdiak. AEBek irrigarritzat jo dute prozesua, eta Frantziak, berriz, «zorigaiztoko» fartsa bat dela nabarmendu du, eta Kofi Annan NBEren eta Arabiar Ligaren mandatari bereziari egoeraren berri emateko eskatu dio. Txinak, aldiz, «urrats positibotzat» jo du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.