RBMK motako zentral nuklear handienetarikoa da Ignalina, 1986an Txernobilen hondamendia eragin zuen mota berekoa. Energiaren alorrean buruaskia izateko dozenaka erreaktore nuklear eraiki zituen Sobiet Batasunak pasa den mendean, baina oraindik ere martxan jarraitzen dute zenbaitzuek. Europako ekialdeko herrialdeak EBko kide bihurtzeko negoziazioak hasi zituztenean, baina, zentral horien segurtasun maila ezbaian jarri zen. Lituaniakoa denbora bonbatzat jo zuen Bruselak.
Egun Txernobilgoa bezalako hamabi zentral nuklear daude Sobiet Batasun ohiko herrialdeetan. Eta duten arrisku mailagatik, erreaktoreak itxi beste aukerarik ez dagoela uste dute adituek. Lituaniakoa da Europako Batasunean dagoen bakarra; gainontzeko guztiak Errusiakoak dira: RBMK motako lau erreaktore daude San Petersburgon, hiru Smolensko zentral nuklearrean, eta azken laurak Kursken. Teknologia zaharkitua darabilte guztiek, Gerra Hotzeko arma lehiaketan AEB Ameriketako Estatu Batuei aurre hartzeko plutonioa azkar eta asko eraikitzea baitzen xede nagusia. Berlingo harresia behera erori, Sobiet Batasuna desegin, eta Europako ekialdeko herrialdeak Errusiatik aldenduz mendebaldera begira jarri zirenean, gutxieneko segurtasun maila betetzen ez zuten zentral nuklearrak ixteko eskatu zien EBk. Negoziazio prozesua bereziki gogorra izan zen Lituaniaren kasuan; horrek RBMK motako bi erreaktore baitzituen martxan. Oraindik orain Europako Batasuneko erreaktore indartsuenak lanean jarraitzen du bertan.
Teknologia zaharkitua
Energia Teknikoa Ikertzeko Institutu Sobietarrak asmatu zuen 1970eko hamarkadako hasieran RBMK erreaktorea. Handik gutxira, 1986an, ezagun egin ziren mundu osoan. Izan ere, historiako hondamendi atomiko handiena gertatu zen urte horretan Txernobilen, eta horrek alarma piztu zuen nazioartean. Ez, ordea, Sobiet Batasunean. Istripu nuklearra gertatu eta bi egunera halaxe adierazi zuen Elektrifikazio ministroak: «Istripua ez da oztopo izango langileek obligazio sozialistak bete ditzaten; bosgarren erreaktorea eraikitzeko lanetan hasiko dira laster».
Ignalinako zentral nuklearraren gisakoak oso arriskutsuak dira indar gutxirekin lan egiten dutenean. Txernobilgo istripua gertatu zenean ere indar maila baxua zuten erreaktoreek. Segundo gutxiren buruan kontrolagaitz bihurtu ziren -gehieneko indarra baino ehun aldiz gehiago eskuratu zuten-. Hozte sistemek ez zuten askorako balio, eta zentralak eztanda egin zuen. Zenbait adituren ustez, Txernobilen gertatutako ez zen ingeniarien hanka sartzea izan, nahiz eta RBMK erreaktoreek akatsak dituzten beren diseinuan. Benetako hanka sartzea segurtasuna neurriak aintzat ez hartzea izan zen, horien aburuz.
Herrialdeko energia beharrak asetzeko teknologia berriagoa zerabilten zentral nuklear gehiago ere eraiki zituen Sobiet Batasunak. Oraindik orain, horietako batzuk martxan jarraitzen dute. Ignalinakoaren gisakoak, baina, helburu militarretarako eraiki zituzten bereziki. Lituaniakoak, egun, helburu zibilak ditu, eta herrialdeko energia beharrak asetzeko gai da ia bera bakarrik. Behar berrietara moldatzen jakin badute ere erabilerari dagokionez, segurtasun neurriei dagokienez ez da berdin gertatu.
Sobiet Batasunaren programa nuklear handizaleak behea jo zuen 1986ko hartan. Haren oinordetza, baina, nabaria da bloke sozialistako kide izandako hainbat herrialdetan. Lituania da horren adibide, baina beste hainbat herrialdek ere teknologia sobietarra ordezkatzeko asmorik gabe jarraitzen dute oraindik, Ukrainak, besteak beste.
LITUANIA. ENERGIA NUKLEARRA. Sobietarren oinordetza nuklearra
Txernobilen hondamendi nuklearra eragin zuen zentral nuklearraren gisakoa da Ignalina. Sobiet Batasunean eraiki eta oraindik martxan dauden halako dozena bat daude munduan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu