Lobsang Sangay abokatuak dalai-lamaren lekukoa hartu du Tibeteko buru politiko gisa

Tenzin Gyatso dalai-lamaren «erdibideko bideari» jarraituko dio; irailean osatuko dute gobernua

Maite Alustiza.
2011ko abuztuaren 9a
00:00
Entzun
Lobsang Sangay abokatu eta Harvard unibertsitateko irakasleak Tibeteko erbesteko gobernuko lehen ministro kargua hartu du. Horrela,Tenzin Gyatso dalai-lama ordezkatuko du Tibeteko buruzagi politiko gisa. Gyatsok agintaritza politikoari uko egin zion pasa den martxoan; dena den, erlijio buru izaten jarraituko du. Martxoaren 20an egindako hauteskundeetan Sangay aukeratu zuten buru politiko izateko, eta atzo egin zion zin karguari. Duen prestakuntza onagatik eta gaztea izateagatik aitorpena jaso du; hala ere, esperientziarik ez izatea leporatzen diote.

Dalai-lamaren jarrera mantenduko duela adierazi du Sangayk; hau da, «erdibideko bidea». Independentzia baino gehiago, ahalik eta autonomia gehien lortzeko lan egingo du. «Pekingo Gobernuarekin negoziatzeko prest gaude, edonoiz eta edonon». Sangayk gaineratu duenez, euren borroka gobernuaren politika gogorren aurkakoa da, eta ez Txinako herritarren eta Txinaren aurkakoa. «Politika horiek askatasuna, justizia, duintasuna eta nortasuna ukatzen dizkiete tibetarrei». Erlijio askatasuna eta giza eskubideen errespetua eskatzen ditu Tibetentzat; haren ustez, «Tibeten dagoena ez da sozialismoa, kolonialismoa baizik. Txinako Gobernuaren jarrera bidegabea eta defendaezina da Tibeten».

Behin lehen ministro kargua hartuta,Indiako Gobernuarekin izango duen harremanaren inguruan ikusmina piztu da, herrialde horretan baitu Tibetek erbestean duen egoitza. Nazioarteko agintariek harrera egingo dioten ala ez ere ikusteko dago.

Lobsang Sangayk 43 urte ditu, Indian jaioa da, eta ez da Tibetensekula bizi, ezta inoiz egon ere. Nazioarteko zuzenbidean aditua da, Gazte Tibetarren Kongresuko buruzagi ohia eta erbestean jaiotako belaunaldiaren ordezkaria.Tibeteko erbesteko gobernuko lehen agintari sekularra da, baita inoizko sostengu zabalena jaso duena ere —bozen %55—.Horrela, erbesteko gobernuak duen hirugarren kalun tripa —lehen ministroa— izatera heldu da. Sangayk dagoeneko hartu du kargua, baina haren gobernu taldearen eraketa irailean izango da, Tenzin Norbu Tibeteko Parlamentuko bozeramaleak azaldu duenez.

1959an Txinaren aurka izandako matxinadan jasandako porrotaren ondotik Dharamsalan du egoitza erbesteko gobernuak. Txinako Gobernuak, ordea, ez du aitortzen gobernu horren aginpidea. «Legez kanpoko erakunde politiko bat» dela dio Hong Lei Txinako Atzerri Harremanetarako ministroak, eta erakunde horri aitorpena ematen dion herrialderik ez dagoela. Egun 140.000 inguru tibetar bizi dira erbestean; gehienak, Indian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.