Londresek berretsi du «behartuta» dagoela Assange estraditatzera

Erresuma Batuak esan du Ekuadorrekin hitz egiten jarraitzeko prest dagoela «konponbide diplomatiko bat» lortzekoQuitok ez du negoziatuko enbaxadara sartzeko «mehatxua» erretiratu arte

Arnaitz Lasarte.
2012ko abuztuaren 21a
00:00
Entzun
Erresuma Batuak ez dio baimenik emango Julian Assange Wikileaksen sortzaileari Ekuadorrek Londresen duen enbaxadatik irten eta Hego Amerikako herrialde horretara joateko. «Behartuta gaude Assange Suediara estraditatzera. Gure asmoa betebehar hori betetzea da». Hala adierazi du David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroaren bozeramaileak ohar batean. Azaldu duenez, Londresek Ekuadorrekin eta beste herrialdeekin hitz egiten jarraituko du auziari «konponbide diplomatiko bat» eman ahal izateko. Atzerri Ministerioko bozeramailearen esanetan, irtenbide «adiskidetsu» bat lortu nahi dute.

Ekuadorrek, ordea, Erresuma Batuko Gobernuarekin hitz egiteko, «ezinbestekotzat» jo du hark egindako mehatxua bertan behera uztea. Quitok azken egunetan salatu du Londresek enbaxadara poliziak sartu eta Assange atxilotzeko asmoa agertu duela. Rikardo Patiño Ekuadorko kantzilerrak adierazi du ez dela elkarrizketarik izango bi gobernuen artean, mehatxu horiek bertan behera utzi arte. Nabarmendu du beraiek «gizalegez» aritu direla Assangeren babes eskaeraren inguruko erabakia Olinpiar Jokoak bukatu ostean plazaratuta, eta horrelaaritzeko eskatu dio Londresi ere.

Unasur Hego Amerikako Nazioen Batasunak babesa erakutsi dio Ekuadorri, Erresuma Batuaren ustezko mehatxuarengatik, eta horrez gain, bi aldeak biltzera deitu ditu azken egunetan sortutako tentsioa lasaitzeko. Herenegun bildu ziren Hego Amerikako herrialdeetako ordezkariak Ekuadorko Guayaquil hirian, auziari buruz hitz egiteko. Bileraren ondoren ohar bateratu bat kaleratu zuten. Ohar horretan, babes politikoa emateko herrialde guztiek duten burujabetza aldarrikatu zuten.

Gainera, Unasur taldeko ordezkariek «nahitaezkotzat» jo dute herrialde guztiek Nazioarteko Zuzenbideak jasotzen dituen printzipioak betetzea. Izan ere, legedi horren arabera, misio diplomatikoak dituzten egoitzetara ezin da indarrez sartu. Hori dela eta, Erresuma Batuari ohartarazpen bat egin diote: « Ezin zaio herrialde barnekozuzenbideari heldu nazioarte mailako eginbehar bat ez betetzeko».

Igaro den larunbatean jarrera bera erakutsi zuen Alba Amerikako Herrientzako Aliantza Bolivartarrak ere; Ekuadorri elkartasuna adierazi zion, eta auzi honetan Londresek erakutsitako jarrera oldarkorra salatu zuen.

AEEren babesaren zain

Unasur eta Albaren babesa lortuta, Ekuadorrek AEE Amerikako Estatuen Erakundearena lortu nahi du orain. Hala adierazi du Patiño kantzilerrak: «Ezagutzen ditugu AEEren mugak, baina uste dugu hark erantzun bat ematea ezinbestekoa dela mehatxatua izaten ari den herrialde bat defendatzeko».

Quitok eskatuta, AEEk larrialdi bilera bat egingo du ostiralean. Erakundeko partaideen gehiengoak bozkatu zuen bilera egitearen alde. Kontra, berriz, hiruk : AEBek, Kanadak eta Trinidad eta Tobagok. Victoria Nuland AEBetako Estatu Departamentuko bozeramailearen esanetan, Assangeren auzia Ekuadorren eta Erresuma Batuaren arteko auzia da eta AEEk ez du ezer esatekorik.Erakundeko idazkari nagusi Jose Miguel Isunzak, ordea, ez du baztertu ostiraleko bileran Ekuadorren enbaxada babesteko neurriak hartzea.

Assangek, bitartean, Ekuadorrek Londresen duen enbaxadan jarraitzen du. Igandean enbaxadaren balkoitik Barack Obama AEBetako presidenteari «Wikileaksen aurkako sorgin ehiza» amaitzeko eskatu zion : «Wikileaks mehatxupean dagoen artean, hala egongo dira adierazpen askatasuna eta gizartearen osasuna ere». Herenegun bi hilabete bete ziren Wikileaksen sortzailea Ekuadorrek Londresen duen egoitzan dagoenetik. Ekainaren 19an babes eskaera egin geroztik dago han, Suediara estradita ez dezaten. Sexu delituak egin zituelakoan epaitu behar dute Assange herrialde horretan. Assangeren beldurra da AEBetar a eramango ote duten, Wikileaksek ateratako hainbat informaziorengatik epaitua izan dadin.

Ekuadorrek iragan ostegunean onartu zion Assangeri AEBetara eramatea saihesteko eskatu zuen babes politikoa. Nazioarteko eskubidean oinarritu da Quito Assangeri babes politikoa emateko.AEBen esku geratzeak «haren bizitza arriskuan» jar dezakeela azaldu du Ekuadorrek. Izan ere, «auzitegi berezi edo militar batek» epaituko duela uste du. Igandeko agerraldian Assangek Rafael Correa Ekuadorko presidentearen «ausardia» goraipatu zuen berriro.

Baltasar Garzon Assangeren abokatuak, bere aldetik, gezurtatu egin du Suediarekin negoziatzen ari direla. Izan ere, azken egunetan zabaldu diren hainbat informaziok diote estradizioa onartu lezakeela Assangek,AEBetara ez dutela eramatea bermatzearen truke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.