Erresuma Batuak gerra barku bat bidaliko du datozen hilabetetan Malvina uharteetara, gaur Erresuma Batuko Defentsa Ministeriotik jakinarazi dutenez. Oraindik ez dute datarik zehaztu.
HMS Dauntless ontzia da, 45 motakoa, eta HMS Montrose ontzia ordezkatuko du. Ministeriotik azaldu dute "aspalditik" programatuta zegoela barkua uharteetara bidaltzea; beraz, "errutinazko neurri bat" besterik ez da.
Harreman korapilatsua dute egun Erresuma Batuak eta Argentinak, uharteen soberaniagatik. Apirilaren 2an 30 urte beteko dira Argentinaren eta Erresuma Batuaren arteko gerra hasi zenetik.
Gerraren 25. urteurrenean Tony Blair Erresuma Batuko lehen ministro ohiak berretsi zuen 1982an "egin beharrekoa" egin zutela.