Londresek gerraontzi bat bidali du Ormuzko itsasartera

Somaliako piratek bahitutako hamahiru marinel irandar askatu ditu AEBetako itsas armadak

Erredakzioa
2012ko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Erresuma Batuak HMS Daring gerraontzia bidali du Ormuzko itsasartera, Iranek abendu amaieran itsasbidea ixteko mehatxu egin ostean. Londresko itsas armadaren gerraontzirik berriena da HMS Daring: hegazkinen aurkako misilak ditu eta Chinook motako helikopteroak eramateko ahalmena du. Aurrez agindutako maniobra da Londresena, baina, itsasartearen balizko blokeoa dela eta, Teheranen eta AEBen arteko tentsio une betean abiatu du. Ormuzko itsasartea blokeatzeko saio oro «legez kanpokoa izango da eta ez du arrakastarik izango», esan dio Philip Hammond Erresuma Batuko Defentsa ministroak Irani.

Teheranen eta Londresen arteko harremanak urteak daramatzate gaiztotuta, Iranen programa nuklearra dela eta. Uranioa aberastearen helburua zibila dela berretsi du behin eta berriz Mahmud Ahmadineyad presidenteak, baina AEBek, Bruselak eta Israelek uste dute haren benetako erabilera militarra dela. Halere, Londresekin zuen harremanak okerrera egin zuen azaroan, hainbat ikasle islamikok Erresuma Batuak Teheranen zuen enbaxada hartu zutenean.

AEBen erreskatea

Oldarkortasunaren erdian, baina, laguntasun eta esker keinuak bidali dizkiote etsaiek elkarri. AEBetako itsas armadak Somaliako piratek bahitutako hamahiru marinel irandar askatu zituen ostegunean, eta Teheranek eskerrak eman dizkio. «Ekintza humanitarioa» izan dela esan du Irango Atzerri Ministerioak. «Gure armadak beste edozein herrialdetako marinelak askatuko lituzkeen bezala, estatu guztien ardura da piraten kontrako neurriak hartzea», adierazi du Ramin Mehmanparast Atzerri Ministerioko bozeramaileak.

Duela bi aste AEBen itsasontziei Ormuzko itsasartean bidea ixteko mehatxua egin zuen Teheranek, programa nuklearraren harira Washingtonek ezarritako zigor ekonomikoei erantzunez. Itsasarte horretatik mundu guztian kontsumitzen den petrolioaren %40 igarotzen da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.