Libiako eraso militarrerako nazioarteko koalizioa pixkanaka bere inplikazioa areagotzen ari da. Erresuma Batuak herenegun jakinarazitako asmoari Italia eta Frantzia gehitu zaizkio orain. Hiru herrialdeek, beraz, Muammar Gaddafiren aurkako matxinoak trebatzeko soldaduak bidaliko dituzte Libiara. Dena den, lurreko esku hartzerik ez dela egonen berretsi dute, eta milizianoak zibilak babesteko asmoz trebatuko dituztela erran dute.
Izan ere, NBE Nazio Batuen Erakundeko 1973 ebazpenak Libian aire erasoak baimentzen ditu «zibilak babesteko» asmoz, baina lurreko inbasio oro espresuki debekatzen du. Erregimenak erantzun du, baina, edozein presentzia militar egotea «gibelera pauso bat» ematea dela eta gatazka luzatu eginen duela.
Frantziako Gobernuko bozeramaile François Baroinek jakinarazi duenez, «loturarako ofizial gutxi batzuk» bidaliko dituzte Libiara. Atzerri Ministerioak jakinarazi du militar horien lana izanen dela «alderdi, teknikotik eta logistikotik, eta antolaketa arlotik kontseiluak ematea, eta zibilen babesean eta giza laguntzaren banaketan laguntzea». Nicolas Sarkozy presidenteak, berriz, zehaztu nahi izan du «loturarako ofizialak» bidaltzeak ez duela «deus ikusteko» tropak bidaltzearekin, eta erran du erreboltariek ez diotela azken hori eskatu.
Hain zuzen, Sarkozy atzo elkartu zen Parisen Mustafa Abdeljalil matxinoen Trantsiziorako Kontseilu Nazionaleko presidentearekin. Bileraren ondotik, erakunde horren Kanpo Harremanetarako arduradun Ali al Issauik berretsi zuen ez dutela lurreko tropak bidaltzeko eskaririk egin, baina bonbardaketak ez direla nahikoa adierazi zuen. Horregatik, armak helarazteko eskatu zion nazioarteko koalizioari. «Libiako herriak altxatzeko, antolatzeko, eta armada bat eratzeko beharra» du, Al Issauiren arabera. Horregatik, milizianoak trebatzeko laguntza eskertu die Parisi, Londresi eta Erromari.
Italiako eta Erresuma Batuko Atzerri ministroak, Ignazio La Russa eta Liam Fox, Erroman elkartu dira gaiaren inguruan mintzatzeko. La Russak jakinarazi du bi herrialdeek hamarna militar paratuko dituztela matxinoen eskura, horiek trebatzeko eginbeharrarekin.
Misratako matxinoen eskaria
Libia mendebaldeko Misrata hiriko matxinoek, baina, Gaddafiren setioa gainditu eta «zibilak babesteko» nazioarteko tropen laguntza eskatu dute. Matxinoen hiriburu Bengazitik, ordea, Trantsiziorako Kontseilu Nazionaleko bozeramaile Abdelhafiz Gogak eskakizun hori errefusatu du, eta atzerriko tropen presentzia soilik giza laguntzarako onartzeko prest daudela adierazi du. NATOren bonbardaketen inguruan, berriz, Gogak erran du Gaddafiren indarren aurkako erasoak ugaritu direla, bai Ajdabijan (ekialdeko frontean), bai mendebaldeko hirietan. Azken egunetan erregimenaren aginte postu militarrak ere jomugan izan dituzte. Al Jazeerak dioenez, Misratan Gaddafiren aldeko ehun soldadu hil dituzte matxinoek borrokaldi batean, eta bertze 40 gatibu hartu dituzte.
Libiako Atzerri ministro Abdul Ati al Obeidik erran du, berriz, nazioartearen bonbardaketak bukatu eta su-etena baldin badago «libiar guztien arteko elkarrizketa» egin daitekeela, haiek zer nahi duten jakiteko. «Demokrazia, erreforma politikoa, konstituzioa, hauteskundeak...». Gaddafiren seme Saif al Islamek adierazi du, ordea, Libiako konstituzio berria prest dutela dagoeneko eta matxinoak garaitu ondotik paratuko dutela indarrean.
Londresek, Parisek eta Erromak Libiako matxinoak trebatuko dituzte
Lurretik esku hartzeko tropak ez dituztela bidaliko berretsi dute koalizioko kideek; erreboltariek ere ez dituzte nahiAire erasoak eteten badira «libiarren arteko elkarrizketa» has daitekeela dio erregimenak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu