MUNDUA

Londresko alkatetzarako lehia estua

Inkesten arabera Boris Johnson kontserbadoreak alkatetza berrituko du bigarrengoz, Ken Livigstone alderdi laboristako kidearekin duen aldea oso estua izan arren. Udal hauteskundeen osoko emaitzak ostiralean ezagutuko dira. 

2012ko maiatzaren 3a
13:01
Entzun

Udal hauteskunde eguna da gaur Erresuma Batuan, 196 udaletako karguak berrituko dira, tartean Londreskoa.  Boris Johnson alderdi kontserbadoreko alkateak karguari eustea du erronka gaur egingo dituzten udal eta lurralde hauteskundeetan. Ken Livingston Londresko Alderdi Laboristako hautagaia da aukera hori zapuztu dezakeen bakarra, eta lehia estua aurreikusi dute inkestek bien artean. Inkestek Johnsonen garaipena aurreikusten dute botoen %52arekin, baina hautagai laboristak hurbiletik jarraitzen dio, botoen %48arekin. 

Aurkari ezagunak dira Johnson eta Livingston, 2008ko udal bozetan ere bien arteko norgehiagoka bizia izan zuten; kontserbadoreak nagusitu ziren orduan. 

Ekonomian munduko hiri garrantzitsuenetariko bat kudeatzeak duen garrantzitik haratago, Alderdi kontserbadorearen etorkizunarentzat mugarri dira gaurko udal eta lurralde bozak. David Cameron lehen ministroak azken hilabeteetan herritarren konfiantza galdu du hein handi batean. Inkestek diote hamar puntu galdu dituztela kontserbadoreek.

Garraio publikoaren eta etxebizitzen prezio altuegiak eta segurtasuna izan dira hauteskunde kanpaina gidatu duten gaietako batzuk. 

Emaitzak ostiralean

Herrialdeko bozkatze sistemaren konplexutasuna medio, udal bozetako erabateko emaitzak ez ostirala arte ezagutuko. Behin behineko emaitzak baina hauteslekuak itxi ostean, 21:00etatik aurrera, jakingo dira.  

Londresen 5,8 milioi hautesle daude eta bakoitzak hiru paper bete behar izaten ditu: bi biltzarra osatzeko — hiriburuko 11 zinegotzi eta barrutietako 14 aukeratzen dira— eta hirugarren boto papera alkatea aukeratzeko. 


 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.