Bigarren Mundu Gerra. Ijitoen genozidioa

Lore bat putzu beltz batean

Naziek 500.000 ijito hil zituzten 1933tik 1945era; gerora, biktima gisa ukatuta eta baztertuta sentitu dira. Aste honetan, omenaldia egin die Alemaniako Gobernuak.

Samara Velte.
2012ko urriaren 25a
00:00
Entzun
Alemaniak arrastaka darama iragana. Bigarren Mundu Gerra amaitu zenetik mende erdia baino gehiago igaro den arren, lotsak eta damuak dira nagusi gizartean; Historiako liburu guztietan kapitulu garrantzitsuena da nazismoa, eta mezua argia da: sei milioi juduren hilketaren erantzule da Alemania. Artean jaio gabe zeuden asko ere errudun sentitzen dira erregimen nazionalsozialistak 1933 eta 1945 bitartean egindako sarraskiengatik, eta juduen auziak badu halako estatus ukiezin bat unibertsitateetako eta taberna zuloetako eztabaidetan.

Berlingo erdigunean, Alemaniaren menpeko Europan hildako juduen omenezko oroigarri hunkigarri bat dago 2005az geroztik. Brandenburgoko Atearen ondoan dago, Alemaniako Gobernuko eraikin garrantzitsuenetatik gertu. Hormigoi ilunezko 2.711 kubo laukizuzenek osatzen dute, bata bestearen ondoan estu ipinita; goitik begiratuta, hilobiak dakartzate gogora. Barrutik, labirinto bat eratzen dute korridore amaiezinek, juduek sufritutako jazarpena irudikatzeko asmoz: horma ilunen arteko pasillo estuek aurrera edo atzera baino egin ezin den sentsazioa ematen dute; izkina bakoitzaren ondoren zer etorriko den ez jakiteak, berriz, ziurgabetasuna eta antsietatea. Sinbolismoz betetako monumentua da, leku ezin sinbolikoagoan; baina, hori bai, soilik juduei eskainia.

Literaturak eta zinemak ere aski jorratutako gaia da juduen genozidioa, baina ez ziren izan naziek jazarritako kolektibo bakarra. Besteak beste, ijitoak ere bazituen jomugan erregimen nazionalsozialistak: 1933tik Bigarren Mundu Gerra amaitu bitartean, denera 500.000 ijito inguru deportatu eta hil zituzten naziek sistematikoki, ghettoetan eta kontzentrazio esparruetan. Horietatik 25.000 Alemania eta Austrian atzeman zituzten.

Juduen kasuan ez bezala, biktima horiek apenas izan duten aitorpenik gerra amaitu ostean ere. Haiekiko aurreiritziek aski zabalduta jarraitzen dute, eta biktima gisa ukatuta ez ezik, baztertuta ere sentitzen dira oraindik. Alemaniako Sinti eta Rom Herrien Elkarteak urte asko pasatu ditu juduei egindakoaren gisako aitorpena eskatzen, eta aste honetan egin diete azkenik: atzo inauguratu zuten ijitoen genozidioa gogoratzeko monumentua, Angela Merkel kantzillerra eta Joachim Guck presidentea bertan zirela.

Putzu beltz bat, eta erdian lore bat, ur hiletan geldirik. Hari eusten dion harria egunero murgilduko da hemendik aurrera ur ilunetan, eta egunero berriz azaleratu; larrosa berri bat ipiniko dute goizero haren gainean. Larrosa bat ehunka mila pertsonarentzat; urte luzezko ahanztura eta ukazioaren erdian iritsi den aitorpen keinu txikia. Oroitarriaren alboetan, ijitoen genozidioa kontatzen duen kronologia bat eta bi aipu: bata, 1997. urtekoa, Alemaniako presidente batek lehenengoz ijitoen genozidioa eta juduena parekatu zituenekoa; bestea, Santino Spinelli ijito italiarraren Auschwitz poema, alemanera eta ingelesera itzulia: «Aurpegi zargaldua / itzalitako begiak / ezpain hotzak / isiltasuna / birrindutako bihotz bat / arnasarik gabe / hitzik gabe / malkorik ez». Guztia, Berlingo Tiergarten parkean, Reichstag parlamentuko eraikin historikoaren atarian ia. Baita juduei egindako monumentutik gertu ere.

Romani Rose, Alemaniako ijitoen elkarteko lehendakaria, pozik agertu da aitorpenarekin: «Horrekin, Alemaniako ijitoak ere sartu dituzte gure estatuaren memoria historikoan». Eta garrantzitsuago: «Frogatuta gelditu da nazionalsozialistek okupatutako Europan hildako 500.000 romen genozidioa ez zela Holokaustoaren atal bat gehiago, baizik eta eragin, burokrazia eta sistematizazio propioa zuela».

Ijitoen jazarpena

Alemaniako erregimen nazionalsozialistak hasieratik hartu zituen ijitoak arraza kaltegarritzat; aurretik ere estigmatizatutako gutxiengoa ziren Alemaniako gizartean, gaizkile eta lapurtzat zituztelako. Adolf Hitlerrek bere egin zituen aurreiritzi horiek. 1936an, gerra hasi baino hiru urte lehenago, Wilhelm Frick Barne ministroak «arraza arrotz» izendatu zituen judutarrak eta Rom herria. Erregimenak haien kontrako kanpainari ekin zion: apurka, espazio publikotik eta bizitza sozialetik urrundu zituen bi kolektibook, esate baterako, aisialdiko guneetarako eta garraio publikorako sarbidea debekatuz. Jolastokietan ere ezin zuten ijitoen haurrek sartu, «beste haurrei lekua kentzen» zietela argudiatuta; medikuntzako aldizkariek ere arratoi eta arkakusoekin alderatzen zituzten ijitoak eta juduak.

«Juduen auziaren irtenbidea» aipatu aurretik mintzatu zen Heinrich Himmler alderdi naziko buru militarra «ijitoen auziaren irtenbideaz», eta haiek «arrazatik kanporatu beharraz». 1938an, Hitlerren gobernuak Polizia Kriminalaren menpeko Ijito Jendilajea Borrokatzeko Bulegoa zabaldu zuen, eta deportazio batzuk egiten hasi ziren. «Jarrera kriminal eta antisozialak» leporatuta, «prebentiboki» atxilotzen zituzten ijitoak. 1939ko irailerako, erabat debekatu zituzten Alemaniako Reich-aren mugen barruan «ijitoen joan-etorria eta ijitoen gisara nora gabe dabiltzan pertsonena»; hilabete geroago, etxetik irtetea debekatu zieten komunitate horiei.

Alemanian 30.000 ijito bizi zirelakoan zegoen gobernua. Ordurako erabakita zeukan haiek ekialdeko lurralde konkistatuetara kanporatzea; gerrak utzitako kaosaren erdian, arreta gutxiago emango zuen genozidioak. Hirietako poliziei ijitoak zenbatu eta sailkatzeko agindua eman zieten, eta lehen deportaziorako familia kopurua zehaztu zuten. Denera, 2.800 ijito eraman zituzten 1940ko maiatzaren 16an Poloniako lan esparruetara: Hanburgo eta Kolonia ingurutik mila bana, eta 400na Frankfurtetik eta Stuttgartetik.

Laginarekin egindako esperimentua ongi atera zelakoan, ijito guztiak kontzentrazio eremuetara eramateko agindua eman zuen Himmlerrek 1942ko abenduaren 16an, besteak beste, Auschwitz-Birkenaura; 1943ko martxoan 20.000 pertsonatik gora eraman zituzten hara. Gehienak Alemaniatik eraman zituzten. Ordurako atxilotuta ez zeudenak goizaldera atzematen zituzten etxean, edo zuzenean lantokian jasotzen zituzten trenera eramateko.

Auschwitzeko B-II esparrua zen ijito eremua; berrogei barrakak osatzen zuten hura, bakoitzean 800 pertsona pilatuta. Esparrura heldu bezain pronto, «lanerako gai» edo «ez gai» ziren erabakitzen zuten zaindariek, eta, horren arabera, gas kameretara edo etxolara bidali. Guztiei Z letra eta zenbaki bat tatuatzen zizkieten besoan; haur txikiei, izterrean. Behartutako lanetarako ez ezik, medikuntzako esperimentuak egiteko ere erabili zituzten haietako asko, batez ere esterilizazio saiakeretarako. Milaka izan ziren esparru horietan emandako lanengatik hil zirenak; beste asko ekialdeko herrietan —Hungaria, Eslovakia, Kroazia eta Serbia, besteak beste— fusilatu zituzten. Gainontzekoak gas kameretara kondenatu zituzten: 1944ko abuztuaren 2ko gauean, ijito eremuan gelditzen ziren 3.000 pertsonak ito zituzten, eta esparruaren atal hura desegin.

Gerora ere, baztertuta

Gerraren ostean, inor gutxik jakin nahi zuen ezer ijitoez. Alemaniako memoria historikoa eraikitzean, saihestu egiten zuten beste genozidio baten karga, eta oro har zabaldutako iritzia zen ijitoak ez zituztelako arrazan oinarritutako arrazoiengatik jazarri, gaizkile izateagatik baizik; gainera, haiei egindako kaltea juduei egindakoa baino txikiagoa zela argudiatzen zuten ijitoei kalte-ordaina ukatzen zietenean.

1982an aipatu zuen lehengoz orduko kantziller Helmut Schmidtek ijitoen genozidioa. Hamar urte geroago, haiei monumentu bat egitea onartu zuen Alemaniako Gobernuak, ijitoen elkarteen eskakizunei kasu eginez; hain justu, 1992tik diseinatuta zegoen ingaurutau berri duten oroitarria.

Ijitoen elkarteko presidenteak hainbat enpresaren partaidetza ere eskatu izan du monumentua finantzatzerako orduan, besteak beste, Siemens, AEG, BMW eta Volkswagenena. Izan ere, enpresa horiek nazien kontrolpean zeudenean, haientzako lanetan aritu ziren kontzentrazio esparruetako presoak. Azkenean, Alemaniako Gobernuak finantzatu du 2,8 milioi euroko monumentua.

Ijitoen egungo egoerari egindako keinu gisa ere uler daiteke aste honetako omenaldia. Ijitoek lur propiorik gabe jarraitzen dute, estaturik gabe, leku guztietan gutxiengo, eta leku guztietan arrotz. Eta Alemania ez da salbuespena: Europa ekialdetik kanporatutako ijitoen babes eskaera gehienak atzera bota ditu Berlinek. Lorerik ez da ijito horientzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.