Marseillako fiskalburuak argi eta garbi adierazi du herenegun Okzitaniako Alpeetan erori zen hegazkina nahita jausarazi zutela. Kopilotuak altuera galtzeko botoia sakatu zuela esan du, eta zortzi minutu igarotzerako lurra jo zuela hegazkinak. Tarte horretan kopilotuak arnasa "lasai" hartzen zuela eta ez zuela deus esan ere argitu du fiskalak.
Lufthansak eman ditu ondoren argibideak. Azaldu du kopilotuak azterketa tekniko nahiz psikologiko guztiak gainditu zituela eta "aparteko gaitasuna" zuela lan horretan jarduteko. Aire konpainiak argudiatu du kontu handiz aukeratzen dituztela langileak, baina erantsi inoiz ezin dela halako gertakaririk erabat baztertu. Hori horrela, azaldu du ez dutela daturik jakiteko zerk bultzatu zuen kopilotua horrela jardutera.
Horrek baieztatu egiten du gaur The New York Times egunkariak Okzitaniako Alpeetan jausi zen hegazkinari buruz argitaratu duen informazioa. Albiste horren arabera, hegazkinaren pilotuetako bat kabinatik kanpora irten zen hegazkina amiltzen hasi baino lehenago, eta atzera kabinara itzuli nahi izan zuenean, ezin izan zen barrura sartu. Kazetak argitaratu duenez, ez zioten aterik ireki.
France Press berri agentziak informazio hori berretsi du; bi hedabideek iturri anonimoak izan dituzte berri emaile. The New York Times egunkariak iturri militarrak aipatu ditu.