Itagiba Catta Preta Neto Brasiliako Auzitegi Federaleko epaileak hartu du kautelaz Luiz Inacio da Silva Lula-ri Presidentetza kargua kentzeko erabakia, karguaren zina egin eta ordu gutxira. Epaileak arrazoitu du Presidentetzarako ministro karguak botere nahikoa emango liokeela Polizian eta Justizian eragiteko, eta ustelkeriagatik haren kontra hasia den ikerketa oztopa lezakeela. Erabaki horrek are gehiago harrotu ditu hautsak Brasilen. Planalto presidentetza jauregiaren inguruan oposizioko eta gobernuko jarraitzaileak elkartu dira goiz-goizetik, eta Poliziak inguraturik dauka jauregia.
Atzo jakinarazi zuten Lula Presidentetzarako ministro izango zela, Petrobras auziak inoiz baino estuago eragin dionean. Kargua hartuta, justizia arruntak ezin du epaitu, forudun izango litzatekeelako, eta, beraz, Auzitegi Gorenaren esku geratuko litzateke hura epaitzeko prozesua. Ikusteko dago epailearen behin-behineko erabakiak nola eragingo duen.
Lularen izendapena polemika iturri izan da, are gehiago atzo izendapenaren berri eman ondoren grabazio bat zabaldu zenean. Grabazio horren arabera, Dilma Rousseff presidenteak mezulari baten bidez Presidentetzarako izendapenaren dokumentua bidaliko ziola esan zion, "behar izanez gero erabiltzeko". Poliziak grabatutakoa da grabazioa, eta Justiziak zabaldua. Sergio Moro epaile federalak Lava Jato auzirako proba gisa erabiliko duela esan du.
Brasil lurrikara politiko betean dago. Gobernuaren aldeko alderdiek "kolpe" bat eman nahi izatea leporatzen diote oposizioari, eta hark, berriz, gobernuari eskatu dio agintea uzteko, "ustelkeria lotsagabeak egoera jasanezina" eragin duelako herrialdean.
Izan ere, oposizioak denbora darama Rousseff gobernutik kentzeko ahaleginean. Prozesu politikoa abiatu zuen joan den abenduan presidentea botatzeko, baina Auzitegi Gorenak atzera bota zuen "prozedura akatsak" zeudelako. Atzo, berriz, Gorenak oniritzia eman zion legebiltzarraren eskaerari, eta batzorde bat osatu dute Rousseff kentzeko arrazoi juridikoak aztertzeko.