Turkiako hegazkinek Hego Kurdistango hainbat gune bonbardatu ostean, armadak lurreko erasoaldiari ekin dio. Lekukoen arabera, militar turkiarrak aireko armadaren eta droneen babesarekin sartu dira Iraken menpeko eskualdean. Ankarak Tigrearen Erpeak izena jarri dio operazioari, eta, Defentsa Ministerioaren arabera, PKK Kurdistango Langileen Alderdiko gerrillariak «neutralizatzea» du helburu. «Azken hilabeteetan ugaritu egin dira gure polizia etxeen eta base militarren aurkako erasoak; hori dela eta, nazioarteko legedia baliatuta, geure burua defendatzeko eskubidea egikarituko dugu».
Ez da lehen aldia Turkiak halako operazio bat abiatzen duela. Ankarak «talde terroristatzat» du PKK, eta, argudio hori oinarri hartuta, maiz bonbardatzen du Hego Kurdistan, haren base militarren aurka egiteko aitzakiarekin. Duela bi egun egindako bonbardaketetan, ordea, Maxmurko errefuxiatuen guneari ere eraso zioten.
Bagdadeko eta Kurdistan Autonomoko agintariek behin baino gehiagotan eskatu diote Ankarari erasoaldiak gelditzeko, eta baita PKKri ere eskualdean dituen gerrillariak handik ateratzeko ere. Bagdadek urrats bat gehiago egin zuen atzo, eta azalpenak eskatu zizkion Turkiak herrialdean duen enbaxadoreari, herenegun egindako bonbardaketen inguruan. Enbaxadoreak sare sozialetan zabaldutako mezuan, ordea, Turkiaren ohiko diskurtsoari eutsi zion, eta berretsi «PKKren aurka» egiten jarraituko dutela, hura munduko edozein txokotan dagoela ere.
Protestak Rojavan
Rojava eskualdean, Qamixli hirian, milaka lagun irten ziren atzo kalera Turkiaren erasoaldia salatzeko, eta borrokan jarraitzeko asmoa aldarrikatzeko. «Hego Kurdistanen aurkako erasoaldia Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidentearen arbasoek Seyfon egindako sarraskiaren urteurrenean heldu da. Hau Kurdistango herritarrei bidalitako ohar bat da», adierazi du Abdullselam Ebas, eskualdeko gobernadoreak.
Bestalde, HDP alderdi kurduak aste honetan egitekoa zuen Demokraziaren aldeko Martxa debekatu egin du Ankarako gobernuak, eta, gutxienez, hamar pertsona atxilotu dituzte protestetan.