Lurrikara batek astindu du Italia, eta gutxienez 120 hil dira

Kopuruak gora egin dezakeela esan du Matteo Renzi lehen ministroak, desagertutakoak asko baitira

Lurrikarak suntsitutako etxeak, Amatricen (Italia erdialdea). EFE.
2016ko abuztuaren 25a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
ERROMA. Gogor astindu du Italia erdigunea Ritcher eskalan 6 gradukoa izan den lurrikarak. Hildakoetatik 86 Lazio probintzian izan dira. Han daude Amatrice eta Accumolin herriak. Perugiako probintziako Norcia herrian ez ezik, haietan izan dira kalterik handienak. Zaurituak 360tik gora dira, eta kalte materialak ere handiak izan dira. Accumolingo alkate Sergio Pirozzik esandakoaren arabera, «dramatikoa» da hango egoera, herri erdia suntsituta geratu baita.

«Gogor kolpatutako familia bat da Italia, baina ez da geldituko», esan du Matteo Renzi Italiako lehen ministroak. Ministro kontseilura deitu du gaurko, hondatutako guneei nola lagundu erabakitzeko. Larrialdia «denbora luzera begira» kudeatu beharreko zerbait dela adierazi du, eta espero duela denek «erronkak eskatzen duen moduan» lan egingo dutela. Ospitaleak ere elkarlanean ari direla jakinarazi du, zaurituak ahalik eta azkarrena artatzeko. Etxerik gabe geratu dira herritar asko, eta, horiei laguntzeko, 250 pertsonarentzako lekua duten lau gune zabaldu dituzte. Eskolak eta gimnasioak ere ireki dituzte.

Lurrikara nagusiaren ondoren, hainbat erreplika nabaritu dira. 3,9 graduko bat Norcia herritik gertu izan da, eta 4,6ko beste bat Amatricetik hamar kilometro ingurura, ordu erdi geroago.

Ezbeharra L'Aquila herritik 50 kilometro ingurura gertatu da. Herri horretan, beste lurrikara bat izan zen 2009an. Orduko hartan, 300dik gora pertsona hil ziren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA