Lurrikara politikoa Txilen

Piñera kontserbadorearen inbestidura saioa hasteko zela, Richter eskalan 6,9 gradu izan dituen lurrikara bat izan da Txilen

2010eko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Augusto Pinocheten diktadura babestu zuen eskuina agintera itzuli eta bat mugitu da lurra Txilen. Hiru lurrikarek asaldatu zuten herrialdea, Txilen oraindik goizaldea zenean. Sebastian Piñera kontserbadorearen inbestidura saioa hasi baino erdi ordu lehenago astindu zituen Richter eskalan 6,9 gradu izan dituen lurrikarak Santiago inguruak. AEB Ameriketako Estatu Batuetako Zerbitzu Geologikoak azaldu duenez, 11:39 zirenean izan zen lurrikara, eta 45 segundoz iraun zuen. Epizentroa Pichilemu itsasbazterreko hiritik 40 kilometro iparraldera izan du lurrikarak, hamar kilometroko sakoneran, O' Higgings eskualdean. Haatik, ez zen lurrikara bakarra izan. Inbestidura saioa hasi baino bost minutu lehenago, izan ere, 6,7 graduko beste seismo batek lurra mugitu zuen enegarrenez. Haren ondoren hainbat erreplika ere izan ziren.

Lurrikarek, hala ere, ez zuteninbestidura saioa eten. Valparaisoko Kongresuko egoitzan, Santiago hiriburutik 125 kilometro iparraldera egin zen kargu-hartze ekitaldia; Jaime Pizarro Senatuko presidente berriak presidente xingola ezarri zion Piñerari. Horrela, eskumako alderdia boterera itzuli zen atzo, hogei urtez agindu duen zentro-ezkerraren agintaldia amaituz. Hainbat estatuburu eta nazioarteko agintari bildu ziren zeremonian.

Michelle Bacheletek La Moneda jauregian bildutako jendetzaren aurrean esan zuen agur, txalo zaparrada artean. Eta bere sostengu mailari eutsiz egin zuen, 27ko lurrikararen ostean haren kudeaketa gogor kritikatu duenik izan bada ere-Richter eskalan 8,8 graduko indarra izan zuen seismoak 500 hildako eta bi milioi kaltetu eragin ditu-. Lurrikarak «konpondu beharreko gabeziak» azaleratu dituela uste du Bacheletek; hala ere, harro dago egindako lanaz: «Justiziaren eta gizartearen alorrean aldaketa sentiberak egin dituen gobernu baten buru izateaz harro nago». Eskuinaren eskuetan berak jasotakoa baino herrialde hobeagoa utziko duela adieazi du, gainera.

Tsunami arriskua

Txileko hegoaldea txikitu zuen lurrikaratik ikasita, eta, bereziki, aurreikusten jakin ez zuten tsunamiak eragindako tragedia errepikatuko zen beldur, lurrikara gertatu eta segituan tsunami arriskuaz ohartarazi zuen gobernu berriak atzo. Santiagotik hegoaldera dauden Coquimbo eta Los Lagos eskualdeko itsasertzeko bizilagunei lehenbailehen leku garaietara joateko agindu zieten. Dena dela, ez zen gerta zitezkeen kalteak saihesteko badaezpadako neurri bat besterik izan. Azkenean, izan ere, bertan behera utzi zituzten alerta neurri oro.

Atzoko lurrikarek hainbat hiri eta herritan kalte materialak eragin badituzte ere, lehen datu ofizialen arabera, ez da hildakorik izan seismoaren ondorioz. Piñerak, presidente kargua hartu berritan, Rancagua hirian «kalte handiak» izan direla jakinarazi zuen atzo. O'Higgins eskualdeko hiriburua da azken hori; eskualde hori, berriz, azken lurrikaren ondorioz, hondamendi egoeran dauden eskualdeen artean sartu du Gobernuak.

Piñerak segituan erreakzionatzea erabaki du; oraindik kargua hartzeko zela Bacheleti egotzitakoak berari leporatuko ez dizkiotela ziurtatu nahi baitu. Eta ez ditu minutu gozoak izan presidente kargua hartu berritan; lurrikarak zerbaiten iragarpen balira, ez luke agintaldi lasairik espero beharko. Ez dirudi, haatik, hondoa joko duenik, enpresaburu gisa egindako negozioei adina zuku ateratzen badio bederen. Inbestidura berak xumeegia zirudien Piñeraren gisakoentzat -Forbes aldizkariak argitaratutakoaren arabera, Sebastian Piñeraren ondarea 2.200 milioi dolarrekoa da (1.600 milioi euro)-.

Hala, «gobernatzeko modu berri bat» hitzeman du. Eta diskurtsoan bestela ageri ez den umiltasuna agertu du: «Gorabeherak izanda ere, ez digute ezer oparitu. Gainontzeko guztia lanaren bidez lortu dugu; gorabeherak direla tarteko, herriaren ausardia neurtu dugu».



Munduan

2010-EKO LURRIKARAK

Urtea hasi zenetik hamabost lurrikara handi izan dira mundu zabalean; horietako askok erreplika andana izan dute.

Urtarrilaren 1a. Salomon uharteetan hiru lurrikara izan ziren hilaren 1ean, 2an eta 3an; Richter eskalan 6,6 gradu izan zituen lehenengoak, 7,1 gradu bigarrenak eta 6,8 gradu azkenekoak.

Urtarrilaren 10a. Kalifornian (AEB) 6,5 graduko seismoa izan zen.

Urtarrilaren 12a. Haitin 7 graduko seismoa izan zen.

Urtarrilaren 20a. Haitin, hainbat erreplika handiren ostean, beste lurrikara bat izan zen, 5,9 gradukoa.

Otsailaren 1a. Papua Ginea Berrian 6,2ko lurrikara izan zen.

Otsailaren 4a. Kalifornian (AEB) lurrikara bat izan zen; 5,9 gradukoa.

Otsailaren 18a. Txina, Errusia eta Ipar Korearen arteko mugan 6,9 graduko lurrikara izan zen.

Otsailaren 26a. Japonia astindu zuen lurrikara izan zen; Richter eskalan 7 gradu izan zituen seismo bat izan zen.

Otsailaren 27a. Txilen 8,8 graduko lurrikara izan zen.

Martxoaren 5a. Indonesiako Sumatra uhartean 6,5 graduko lurrikara izan zen. Txilen ere beste erreplika handi bat izan zen, 6,6 gradukoa

Martxoaren 8a. 6 graduko indarra izan zuen lurrikarak astindu zuen Kurdistan.

Martxoaren 11. Txilen lurrikara bat izan zen; Santiago hiriburutik gertu izan zuen epizentroa 6,9 graduko seismoak. Segidan beste lurrikara bat izan zen, 6,7 gradukoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.