M-11ko erasoaren bonba klase bera aurkitu dute AVEren bidean

Ikerketen arabera, goma-2 ECO lehergailuz osatuta dago, martxoaren 11n lehertu zituzten bonbak bezala

Erredakzioa
2004ko apirilaren 3a
00:00
Entzun
Madril eta Sevilla arteko bidea egiten duen AHT Abiadura Handiko Trenaren ibilbidean lehergailu bat indargabetu zuten atzo goizean, trenbidearen 61. kilometroan, Toledoko Mocejon eta Villaseca de la Sagra herrien artean, hain zuzen ere. Espainiako Barne ministro Angel Acebesen hitzetan, bonba hamar eta hamabi kilo arteko lehergailuz egina zegoen eta 136 metro luzeko hari batek detonagailu batera lotzen zuen Mocejon herrian zegoen detonagailua.

«Aurreneko ikerketen arabera», esan zuen ministroak, joan den martxoaren 11n Espainiako hiriburuko lau trenetan eztandarazi zituzten bonben tipo berekoa zen, goma-2 ECO erako bonba, alegia. «Kolorea eta egitura aintzat hartuz, zuhurtasun guztiarekin, bonba martxoaren 11n erabili ziren eredu berekoa da», adierazi zuen Acebesek. «Mementoz ez dago modurik bonba noiz eztandaraziko zuten jakiteko», gaineratu zuen. Orduan bezala ez zen aldez aurretik inongo abisurik jaso, eta, Madrilgo sarraskian bezala, detonagailuak kobrezkoak ziren. Lehergailua trenbidearen errail baten azpian zegoen eta AHTko langile batek ikusi zuen. Paketea bonba zela baieztatu ondoren, goizeko 11:20etan Madril eta Sevilla arteko trenbidea moztuta gelditu zen bi norabideetan. Hamar tren gelditu ziren ibilbidean geldirik eta bertan orotara 1.591 bidaiari zeuden guztiak autobusetan egin zuten euren ibilbidearen bukaera. Halaber, ordu horrez geroztik, ez ziren tren gehiago atera bi hiriburuetatik.

Bonba bukatu gabe

Trenbidea «baliabide material eta pertsonal guztiekin kilometroz kilometro» miatzen ari zirela eta gaur arte itxita egongo dela adierazi zuen ministroak. Espainiako Armada, Guardia Zibila, Polizia Nazionala eta RENFEko laginleak aritu ziren ikuskapen lanak egiten, besteak beste, 45 helikopteroren, txakurren eta auto blindatuenlaguntzarekin. Hemendik aurrera segurtasun neurriak areagotu eta ibilbidean «miaketa sistema iraunkor bat» ezarriko dela zehaztu zuen. Madril eta Sevilla arteko ibilbideaz gain, Espainiako trenbide sareko beste bideak ere miatzen ari dira ministroaren hitzetan.

Espainiako Gobernuak premiazko bilera egin zuen eta hogeita lau orduz krisi gabinetea ezarri zuen.Ikerketa iturrien ustetan, bonba bukatu gabe zegoen abiarazlea falta zitzaion eta goizeko 8:00ak baino beranduago jarri zen trenbidean;izan ere, goizaldean guardia zibilek eta RENFEko langileek ikuskapen bat egin zuten zonaldean. Gauean zehar euria egin zuela eta bonba lehorra zegoela zehaztu zuten ikerlariek. Ekintzaileak harrapatuak izan zitezkeela ohartuta bonba amaitu gabe utzi eta aldegin zutela esan zuten. Erantzulea zein izan zitekeen galdetuta, ministroak hipotesiak helarazi ez eta zuhurtasunez erantzun zuen: «Memento honetan ikerlariak sakonean aztertzen ari dira lehergailua eta emaitzen zain gaude».PSOE Espainiako Alderdi Sozialistari datu guztiak jakinarazi eta «informazioa jaso ahala» iritzi publikoari helaraziko diotela argitu zuen Acebesek: «Erantzuleen inguruan edo ikerketen inguruan xehetasun berriak izan ahala zabalduko ditugu».Al Kaedako ustezko buru Adulaziz al Mukrinek atzo Jihad Islamikoaren web orrialdera helarazitako oharrean, «estatubatuarren eta britainiarren ondoren espainiarrak» munduko hirugarren jomuga direla jakinarazi zuen. Alemaniako ZDF telebistak eman zuen berria.

-

MADRILGO ERASOA



Azken lau atxilotuak aske jarri dituzte



Madrilgo sarraskiaren ondoren atxilotu zituzten azken lau pertsonak aske utzi zituen atzo Auzitegi Nazionaleko Juan del Olmo epaileak deklarazioa hartu eta gero. Antonio Toroustez bonbak lapurtu zituen Jose Emilio Suarez mehatzari ohiaren koinatua, Ualid Altakari, Mohamad Badr Ddin Al Akkad eta Aughar Fuad Al Morabit askatu zituen, hain zuzen ere.Orain arte 24 pertsona atxilotu dituzte erasoarekin zerikusia dutelakoan eta horietako 14 espetxeratu. Horietatik bosti erasoaren erantzule izatea leporatzen diete: Jamal Zougam, Mohamed Khaoui, Mohamed Bekkali, Abderrahim Zbaj eta Basel Ghaiouni.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.