'Haserretuen' mugimendua

M-15 mugimendu osoa kriminalizatu nahi izatea salatu dute 'haserretuek'

Katalunian ekainaren 15ean diputatuei Legebiltzarrerako sarrera oztopatzeagatik, 22 lagunen kontrako zitazioak bideratu dituzteEspainiako Auzitegi Nazionalak hiru eta bost urte arteko kartzela zigorra jar diezaieke

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2011ko urriaren 4a
00:00
Entzun
Katalunian abian jarri dituzten murrizketen aurrekontua eztabaidatzera zihoazela Legebiltzarrera sartzeko bidea ixten saiatu ziren M-15 mugimenduko manifestariak Bartzelonan, joan den ekainaren 15ean, eta orain horietarik, gutxienez, lau lagun atxilotu dituzte mossoek; hiriburuko polizia etxe batean deklarazioa hartu eta Espainiako Auzitegi Nazionalera joateko zitazioa eman ondoren aske uztekotan ziren haiek atzo bertan, baina epaitu ostean erruduntzat jotzen badituzte hiru eta bost urteko espetxe zigorrari egin beharko diete aurre. 22 lagun jo dituzte liskarren erantzuletzat, eta guztiak datozen orduetan atxilotzeko agindua dute mossoek.

Haserretuentzat mugimendu osoaren kontrako operazioa izan da atzokoa, osasun eta hezkuntza bezalako arlo garrantzitsuetan murrizketa politika onartzen ez duen mugimendu sozial jendetsuaren kontrako erasoa, erabaki «antisozialak eta bidegabeak» salatzeagatik hartutakoa. Krisiarengatik eta hori gainditzeko neurriengatik protestara ateratako jendearen eskaerak entzun beharrean, «errepresioarekin erantzun eta disidentzia kriminalizatzen dute», baina herritarrak ez daude krisiak dakartzan ondorio larriak «besterik gabe» onartzeko prest, eta kalera irteten jarraitzeko deia egin dute.

Estatuaren kontrako delitua egin izana leporatu diete 22 auzipetuei, eta haserretuek nabarmendu dutenez, delitu hori ez da inoiz leporatu Diputatuen Kongresuan, Senatuan edo erkidegoetako instituzioetan egindako protestengatik. Atxiloketak, beraz, ez dira izan gizabanakoen kontrakoak, mugimendu osoaren aurkakoak baizik, ordezkaritza politikoaren sistema kritikatu eta hark hartzen dituen neurri ekonomiko «neoliberalak» gaitzesteagatik. Demokraziaren balioa eta ezberdinen eskubideak zapuzten ari direla diote.

Mugimenduarentzat CiUk hartu behar zituen erabaki gogorrek izan dezaketen oihartzunetik desbidetzearrengertatu da gertatutakoa: «Aurrekontu antisozial eta erabat bidegabeak estaltzen saiatu dira, hauteskunde programetan agertu ez diren horiek. Ez dira erreferendum baten bidez erabaki, eta paradoxikoki orain CiUko politikariak dira berme demokratikoak eskatzen dituztenak, herritarrei kontsulta egitea eskatzen ari direnak PPk eta PSOEk Konstituzioaren erreforma egitea erabaki dutenean».

Haserretuen abokatuek, berriz, polizien atzoko operazioa «mediatikoa» izan dela kritikatu dute, zitazioen ohiko prozedura inputatuei bidaltzea izaten delako, atxilotzeko beharrik izan gabe, eta ikusgarritasuna eman beste arrazoirik ez du izan, haien ustez.

Delitu larria

Eloy Velasco magistratuaren aurrean deklaratu beharko dute atxilotu takoek. Velasco ari da Parlamenten gertatutakoa ikertzen, eta auzia Espainiako Auzitegi Nazionalean erabakiko da, estatuaren goi agintarien kontrako delitua egin izana egozten dielako.

Atxiloketak Interneten arrastoa jarraituz eta komunikabideek egun hartan hartutako irudiei esker egin dituzte. Egunean bertan diputatuei bidea ixteko sarearen bidez egin zituzten komunikazioak eta horiek baliatu dituzte. Joan den asteazkenean aurkeztu zuten poliziek epaileak agindutako txostena, baina komunikabideek hartutako irudiekin osatzeko eskatu zuen ondoren, liskarretan aritutakoen kontrako frogak izan ditzaten.

Lehen atxiloketa atzo 08:00etan egin zuten, gizon bat lanera zihoala Bartzelonako Gracia auzoko etxetik ateratzen ari zenean, eta kalez jantzitako poliziek atxilotu zuten, lekukoek esan dutenez. Komunikabide batentzat irudiak hartzen ditu atxilotu horrek, eta mugimenduan parte aktiboa du.

Ekainaren 15ean Kataluniako Gobernuko kideak Parlamenteko bidea denak batera egiten ari zirela haserretuek bidea itxi eta kideen erdiak helikopteroz iritsi ziren legebiltzarrera, Artur Mas presidentea, Nuria de Gispert Parlamenteko presidentea eta hainbat kontseilari. Gainerakoek auto ofizialetan, Polizia furgoietan eta segurtasun neurri izugarriak hartuta eginzuten bidea, herritarrak oldartu zitzaizkielako.

Goiz-goizetik tentsioa nabaritu zen Parlamenten inguruan, mila lagun inguru legebiltzarkideen sarrera oztopatzeko lurrean eseri zirenean. 07:00etan lehen tiroak jaurti zituzten poliziek manifestariak sakabanatzeko, eta ondoren kargatu zuten jendetza mossoen furgoietara gehiegi gerturatu zelakoan. Poliziaren kontrako oihuak egin zituzten, eta batzuek edukiontziak irauli zituzten barrikadak jartzeko. Legebiltzarreko ordezkariak igarotzen ari ziren bitartean, oihuak egin zituzten, eta hainbati bultzadak eta pintadak ere bai.

3.000 lagun inguruk egin zuten protesta, eta horietako 500 bat saiatu ziren poliziak inguratzen, mugimendura gertura zitezen eskatuz. Poliziaren eta herritarren arteko liskarrek, hogeitik gora zauritu eragin zituzten, eta bi lagun ospitalera eraman behar izan zituzten. Politikariak gogor gaitzetsi zuten gertatutakoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.