Ez da hil, ez da desagertu; baina pixkanaka, denboraren poderioz, hasierako bultzadak indarra galdu du. Iragan maiatzaren 22ko lekuko hauteskundeen aurretik piztu zen haserretuen mugimendua. Ez gaituzte ordezkatzen lelopean, Espainiako sistema politikoari eta bertako ordezkariei «haserrea» erakutsi nahi izan zieten herritarrek. Krisi ekonomikoak larritasun egoera areagotu zuen, eta, aldaketa nahiak bultzatuta, kalera atera ziren milaka lagun, asmoak eta iradokizunak ahots ozenez entzunaraztera. Eta ikaragarrizko sona izan zuten. Espainiatik kanpo ere hedatu zen mugimendua, eta estatuko alderdi politikoek ere jaramon apur bat egin zieten hasieran.
Egoera ekonomiko-politikoak, baina, ez du hobera egin; okerragoa dela ere esan dute ekonomian adituek. Baina orain, urte erdi geroago, herritarrek ez dituzte erabat bete hirietako plazak, eta eginiko protesta baketsuek ez dute orduko oihartzunik izan. Hori bai, haserretuak ez dira oraindik isildu.
Larunbatean, gogoeta eguna bere egin zuten mugimenduko kideek. Madrilgo Puerta del Sol plazan elkarretaratzera deitu zuten gaueko hamabietan, «denek elkarrekin pentsamendu bateratu bat» sortzeko asmoz, modu aktiboan hausnartuz. Baina 500 lagun inguru bildu ziren M-15ekoen erdigune bilakatu den plazan, iragan maiatzeko kopuruetatik oso urrun. Atzo, hauteskunde egunean, Espainiako Gobernuko presidente berria izango denari «gutun ireki bat» idazteko bildu ziren plaza berean.
Saretik kalera
M-15 mugimenduak Interneten bidez lortu zuen garatzea, mamitzea. 2010eko azken hilabeteetan, pixkanaka, eta krisi ekonomiko larria areagotzen ari zela-eta, herritarrak ideiak partekatzeari ekin zioten, denak batzen zituen haserre eta amorru sentimenduei irtenbidea emateko. Islandiari so egin zioten: krisiaren sortzaileak kartzelatu dituzte han, eta konstituzioari erreformak egin dizkiete herritarren eskubideak babesteko. Halaber, herrialde arabiarrei begiratu zieten, eta, sare sozialen bitartez, elkartu eta tokian tokiko erregimenari nola aurre egiten zioten ikusi zuten.
Eta hala, ibilbideari ekin zioten haserretuek. Hasieran hamar lagun ziren taldean; ideiak kaleratu eta parekatu zituzten, sarean zabaldu, eta pixkanaka, nahita eta nahi gabe, ikaragarrizko hedadura lortu zuten. PP eta PSOEren alderdi bitasuna kritikatu, eta benetako demokrazia eskatu zuten, ozen; maiatzaren 15ean entzun zen haien ahotsa.
Mugimenduaren ildo batzuek boto zuria edota abstentzioa eskatu zieten herritarrei maiatzeko hauteskundeetan, haien borondatea bozkalekuetan islatzeko. Orain, baina, ez dira ados jarri, eta abstenitzea edota gutxiengoi boza ematea galdegin dute.
Espainiako Gorteetarako hauteskundeak
M-15ak indarra galdu du kalean
'Haserretuen' mugimenduak elkarretaratzeak egin ditu bozen aurretik eta egunean, baina maiatzean baino askoz jende gutxiago bildu da. Hautesleei ez die mezu bateraturik igorri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu