"Matxinadaren amaieraren iragarpena". Izenburu hori darama Bertrand Bisimwa M-23ko buruzagiak sinatu duen agiriak. "M-23ko zuzendaritzak erabaki du iritzi publiko nazional eta nazioartekoari jakinaraztea matxinadari amaiera eman diola eta bitarteko politikoen bidez lortzen ahaleginduko dela mugimenduaren sorrera eragin zuten kausa sakonak".
Gaineratu duenez, M-23ko kideek "desarme, desmobilizazio eta gizarteratze prozesua hasiko dute Kongoko Errepublika Demokratikoko Gobernuarekin hitzartu bezala".
Kongoko Gobernuak atzo mugimenduari eskatu zion su-etena ofizial egin zezala, bestela armadak mugimenduak kontrolpean zituen eremuei erasoko ziela. Bisimwak igandean agindu zien milizianoei borroka utz zezatela, eta Kampalako bake elkarrizketak berriz hartzea galdegin zuen. Duela bi aste eten zituzten elkarrizketok, eta hiru egunera Kongoko armadak eta Nazio Batuen Erakundeko indarrek gogor eraso zieten erakundearen gotorlekuei.