'Jaka horiak'

Macronek bazterrera utzi du erregaien zergaren igoera

Sei hilabetez atzeratuko zutela iragarri zuen astelehenean, baina neurria bertan behera utziko duela zehaztu du gaur, Jaka Horien protestak baretzeko asmoz.

Edouard Philippe Frantziako lehen ministroa gaur, Asanblea Nazionalean. IAN LANGSDON, EFE.
2018ko abenduaren 5a
07:57
Entzun

Beste urrats bat egin du atzera Emmanuel Macron Frantziako presidenteak Jaka Horien mugimendua apaltzeko saiakeran. Hala irudikatu nahi izan du, bederen, gaur iluntzean. Bertan behera "utzi" du erregaien zerga igotzeko asmoa, ez "atzeratu", gobernuko iturriek berri agentziei eta hedabideei zehaztu dienez.

Edouard Philippe Frantziako lehen ministroak egin zuen lehen iragarpena astelehenean: sei hilabetez atzeratuko zutela protestak eragin dituen neurria —gainera, sei hilabetez IAT ibilgailuen azterketa teknikoaren baldintzen gogortzea etengo dutela agindu zuen, eta 2019ko maiatzera arte ez dela elektrizitatearen prezioaren igoerarik izanen—. Berehala erantzun zion oposizioak erantzunak "berandu" datozela eta ez direla "aski". Keinu berri horrekin, larunbaterako deituta dauden protestak baretu nahi ditu gobernuak, antza.

Hain zuzen, Asanblea Nazionalean gobernuaren jarduna izan dute gaur ezbaian. Errepublika Martxan mugimenduko eta zentroko diputatuen babesarekin (358 boto), aurrera atera du bozketa Macronek. 194 boto izan dituzte aurka. Ministroen Kontseilua ere egin dute gaur, eta fortuna handien zergan ez duela amore emango ziurtatu du Macronek; hau da, ez duela berriz ezarriko aberatsenek ordaindu beharreko tasa hori —2018an bertan behera utzi zuten, "inbertsioak" atzerrira ez joateko—, Jaka Horiek eskatzen dute bezala.

Frantziak azken urteetan bizi izan duen krisi politikorik garrantzitsuenetakoa da azaroaren 17tik errotzen ari dena. Erregaiaren zergaren harira hasi zuten protesta, baina aldarrikapenak zabaldu dituzte, prekarietataren eta pobreziaren aurka egiteko. Azaroaren 24an eta abenduaren 1ean antolatutako mobilizazioetan istilu handiak izan ziren Parisen eta Frantziako beste hiri nagusietan.

Egitura eta bozeramaile argirik gabe, alderdi eta sindikatuetatik at, sare sozialetatik antolatu dira Jaka Horiak. Azken egunetan Jaka Horien ordezkari batzuekin bilkurak antolatu badituzte ere, mugimenduak ez die ordezkaritza onartu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.