Ameriketako Estatu Batuetan Bernard Madoff finantzariaren antzeko hiru iruzur kasu atzeman dituzte. 560 milioi dolarreko iruzurra egitea egotzita lau finantzari atxilotu ditu Poliziak. Horietako batzuek unibertsitateei eta ongintza elkarteei egiten zieten iruzur.
Paul Greenwood eta Stephen Walsh WG Trading konpainiako inbertsoreei egin dizkiete akusaziorik larrienak: hainbat unibertsitateri eta ongintza elkarteri 550 milioi euroko iruzurra egitea egotzi diete.
New Yorkeko Hegoaldeko Barrutiaren Fiskaltzak jakinarazi duenez, Greenwoodek (61 urtekoa) eta Walshek (64koa) hainbat erakundetako pentsio planetatik dirua hartu zuten, eta gero beren kontu korronteetara bideratu.
Westgate Capital Management inbertsio taldeko sortzaile James Nicholson da hirugarren atxilotua. Fiskaltzaren eta FBI Poliziaren arabera, Nicholsonek (42 urte ditu) informazio faltsua ematen zien bezeroei. Haren enpresak 600 eta 900 milioi dolar arteko aktiboak zituela eta haien kontuak beste enpresa batek ikuskatzen zituela esaten zien bezeroei, akusazioaren esanetan. Gezurrak esanez 100 milioi dolar eskuratu zituen inbertsoreengandik.
Laugarren atxilotuari dagokionez, Mark Bloom da, 57 urtekoa. "Baloreak salerosten eta legez kanpoko banku transferentziak eginez 10 milioi euroko iruzurra egin zuen", akusazioaren arabera.
Joan den abenduan piztu zen finantza iruzurren alarma. Orduan FBIk eta New Yorkeko Poliziak Bernard Madoff finantzaria atxilotu zuten, 50.000 milioi dolarreko iruzurra egiteaz akusatuta. Historiako iruzurrik handienetakoa egin izana leporatzen diote.
Ekonomia
Madoffenaren antzeko hiru iruzur kasu atzeman dituzte AEBetan
560 milioi dolarreko iruzurra egitea leporatuta lau finantzari atxilotu dituzte. Horietako batzuek unibertsitateei eta ongintza elkarteei egiten zieten iruzur.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu