Maduro: "Auditoria bat egin dezatela nahi badute, baina erakundeak errespetatu egin behar dira"

Madurok esan du Caprilesekin hitz egin duela eta jakinarazi diola prest dagoela auditoria bat onartzeko. Caprilesek, berriz, ez du onartuko chavismoa gailendu dela "auditoria botoz boto, eskuz esku egin arte". Chavismoa jausten ari dela esan du Caprilesek.

2013ko apirilaren 15a
08:05
Entzun

Mendiko Kuartelean eman du hauteskunde gaua Nicolas Madurok, chavismoaren hautagaiak. CNEk emaitzen berri jakinarazi eta berehala agertu da jarraitzaileen aurrera, Miraflores jauregian, eta azpimarratu du irabazi egin duela, aldea txikia izanagatik: "Garbi esan nuen nik emaitzak errespetatuko nituela, bai boto bategatik irabaziz gero, bai boto bategatik galduz gero".

Jakinik 200.000 botoren aldeak zer esana emango duela, Maduro prest agertu da auditoria baterako: "Egin dezatela auditoria nahi badute. Nik auditoria bat nahi dut, garbia izateko; baina erakundeak errespetatu egin behar dira”, gaineratu du. Prest agertu da, gainera, hautestontziak zabaltzeko ere. "Ez daukagu beldurrik". Caprilesekin hitz egin duela jakinarazi du, eta prestasun hori agertu diola esan du.

Bere hitzaldian, Madurok behin baino gehiagotan ekarri du gogora Hugo Chavez, hauteskunde kanpainan egin zuen moduan. Eta hark egindako bidetik egingo duela lan iragarri du. "Gora Chavez!", oihukatu du, eta behin baino gehiagotan azpimarratu du harri egindako promesa bete dutela. Hitzaldia amaitu eta Chavezen gorpua dagoen lekura joatekoa zela ere iragarri du.

Oposizioa, auditoria eske

Hitza hartu duenean, Caprilesek berehala esan du ez duela emaitza onartuko auditoria bat egin arte. Haren hitzetan, hauteskunde hauek agerian uzten dute chavismoa jausten ari dela. "Nik esaten diot gobernurako hautagaiari [emaitzen ondoren ere hautagaitzat jo du Maduro] zu zarela gaur galtzaile, zu eta zure gobernua".

Irregulartasun larriak gertatu direla salatu du Caprilesek, "hareazko hauteskunde sistema" duelako Venezuelak. "Venezularrek aldaketa nahi dute”, esan du oposizioko hautagaiak. Botoak berriro zenbatzeko eskatu du, eta gaineratu du ”borroka" ez dela bukatu.

Caprilesengandik hurbil izaten den CNEko errektore batek, Vicente Diazek, hautestontzietan dauden boto guztien auditoria eskatu du. Venezuelan boto sistema elektronikoa da, baina botoa eman ondoren hautestontzian gordetzen den orritxo batean gordetzen da botoa zein den.

Auditoria normalean botoen %53 hartuz egiten da, baina Diazek argudiatu du emaitza hain estua izanik %100ekin egin beharko dela. Aurreratu du berak ez duela ezbaian jarri nahi emaitza, baina herrialdea zatituta dagoen bezala egonik modu horretan egin beharra dagoela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.