Nicolas Maduro Venezuelako presidenteak herrialdeko agintari nagusi izaten jarraituko du, atzo hauteskundeak irabazi ostean. Madurok boto-emaileen %67,4ren babesa jaso du. 5,8 milioi boto bildu ditu, bozkatu duten 8,6 lagunen artetik. Babes zabala jaso du Madurok, baina esanguratsua izan da bozketaren parte hartze baxua ere: %57koa izan da abstentzioa —20 milioi lagunek izan dute botoa emateko eskubidea—. Mesa de la Unidad Democraticak eta Frente Amplio oposizioko indarrekk abstentziora deitu zituzten herritarrak, hauteskundeak "iruzurra" izango zirela iragarrita.
Maduroren atzetik, Henri Falcon gobernadore ohiak lortu du boto gehien. 1,8 milioi boto jaso ditu oposizioko buruak. Javier Bertucci artzain ebanjelikoak, berriz, 900.000 boto inguru bildu ditu.
Emaitzak jaso ostean, Madurok elkarrizketara dei egin die oposizioko hautagaiei eta abstentzioa sustatu duten alderdiei, herrialdearen krisiari aurre nola egin adosteko. "Bil gaitezen, elkar gaitezen, eta hitz egin dezagun Venezuelari buruz".
Madurok gaitzetsi egin du Falcon oposizioko hautagai nagusiak emaitzak ez onartu izana eta hauteskundeetara berriz deitzeko eskatu izana. "Sekula ikusi gabekoa da hautagai batek emaitzak baztertzea oraindik emaitzak ezagutzen ez direnean. Badirudi ez dagoela ohorerik. Ezin da ohore eta moral handirik aurkitu oposizioan".
Falconek eta Bertuccik hauteskunde legearen urraketak salatu zituzten, atzo, hauteskundeak amaitu aurretik. Madurori leporatu zioten herritarrei haren alde bozkatzera behartzea eta botoak erostea. Falconek ziurtatu du bere alderdiak ez dituela hauteskundeetako emaitzak onartuko, eta urtea amaitu aurretik beste hauteskunde batzuk antolatzeko eskatu dio Madurori. "Guri dagokigunez, ez da hauteskunderik izan. Hauteskunde berriak egin behar dira Venezuelan".