Hamabost urtean lehen aldiz, oposizioa da nagusi Legebiltzarrean. Izan ere, eta Hauteskunde Batzordearen azken txostenaren arabera, Legebiltzarreko 167 eserlekuetatik 112 beregantuko lituzke Henrique Caprilesen alderdiak, eta soilik 55 Nicolas Maduro presidentearen Alderdi Sozialista Batuak. Horiek hala, eta gehiengo berriaren lehen urratsa Konstituzioa aldatu eta presidentea aldatzeko galdeketa egingo duten zurrumurruei erantzunez oharra plazaratu du estatuburuak: "Hemen dago Konstituzioa, beraiek hura iraultzen ahalegintzen badira, borrokara joango gara eta herriak erabakiko du. Gehiengo handi eta indartsua eraikiko dugu, kalera irtengo naiz".
Bide batez, eta herriaren sostengua berreskuratu asmoz, Gobernua eraberrituko duela iragarri du Madurok. Horretarako euren karguak bere esku uzteko eskatu die ministroei, "exekutiboa indarberritzeko". "Gobernua berritu behar dugu, eta helburu nagusiak lortzeko urratsak egin. Horretarako Venezuelaren babesa behar dugu. Baina lortuko ote dugu hori Asanblea Nazionala eskuinaren esku egonda?".
Amnistia legerik ez
Preso politikoentzako amnistia lege bat. Horixe da oposizioaren proiektu nagusietako bat, Madurok, ordea, iragarri du ez duela halakorik onartuko. "Giza eskubideak urratu zituzten, eta argi diot: mila lege bidali ahal dizkidate, baina herriaren hiltzaileak epaitu egin behar dira".
Oposizioak salatu du 2014ko Gobernuaren aurkako protestetan atxilotutako 50 manifestari inguruk preso jarraitzen dutela, tartean, Leopoldo Lopez oposizioburua. Azken horri 14 urteko kartzela zigorra ezarri zioten, hiru hildako utzi zituzten manifestazioak bultzatzeaz akusatuta.