Afganistango Bala Buluk barrutian maiatzaren 4tik 5erako gauean eginiko bonbardaketen inguruko ikerketa amaitu du Pentagonoak. Ikerketaren ondorioak jasotzen dituen txostenean azaldu dute ez dagoela jakiterik bonbardaketetan zenbat zibil hil ziren. «Ikerketa honek ez du baztertzen hildako zibilak 26 baino gehiago izatea». Talibanen kontrako erasoaldia izan zela berretsi dute beste behin AEB Ameriketako Estatu Batuek; «bonbardaketa aurkarien mehatxuari aurre egiteko bide egokia izan zen». Erasoaldia, hartara, zilegi izan zela ondorioztatu dute ikerketan.
Bala Buluken hiru erasoaldi egin zituen gau hartan Washingtonek. Afganistango iturrien arabera, baina, bonbardaketetan hildako zibilak 147 izan ziren; datua baieztatzen bada, okupazioa hasi zenez geroztik eraso krudelena izango litzateke. AEBek 2001ean okupatu zuten Afganistan.
Michael Mullen AEBetako armadako buruak txostena aurkeztu aurretik ere aitortu zuen erantzukizuna izan zutela zibilen hilketan; heriotzak 147 izatea, alta, ukatu egin zuen almiranteak. Bonbardaketetan parte hartu zuten militarren kontra ez dela neurririk hartuko zehaztu zuen ere: «Ez dut ezer ikusi horretara behartzen gaituenik».
Leherketa Heraten
Herat eskualdean, bestetik, lehergailu bat zartarazi zuten atzo. Guzara barrutiko errepide batean leherrarazi zuten bonba-auto baten aurrean, Syoshanen. Sei zibil hil ziren, tartean hainbat haur eta emakume.
NBE Nazio Batuen Erakundeak jakinarazi duenez, 2.118 zibil hil ziren iaz, indarkeria tarteko, Afganistanen. Okupazioa hasi zenetik, urterik odoltsuena izan zen iazkoa.
Maiatzeko bonbardaketetan zenbat zibil hil ziren jakiterik ez dagoela dio Washingtonek
Afganistanen hildakoak 26 baino gehiago izan zitezkeela ondorioztatu du ikerketak; Kabulek dio 140 zibil hil zirela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu