Azken asteotan bere Armadako eta inteligentzia zerbitzuetako kideen presentzia murrizu du Siriak Libanon; hau da, nolabaiteko erretiratzea hasi du nazioarteko presioaren eraginez. Izan ere, joan den hilean Rafik Hariri Libanoko lehen ministro ohia hil zuten atentatuan, eta haren ardura Siriari egotzi zion nazioarteko komunitateak.
Milaka herritar ere kalera atera ziren Haririren heriotza gaitzetsi, eta, halaber, Siriaren esku-hartzea salatzeko. Manifestazioetan Libanoko Gobernuari egotzi zioten gertatutakoaren arduraren zati handi bat, exekutiboa Siriaren aldekoa baita.
Siriak ukatu egin du atentatu horrekin inolako zerikusirik duela, baina, hala ere, nazioarteko komunitateak presio handia egin dio Libanon dituen indarrak atera ditzan. Presio horri amore emanez, asko murriztu du soldaduen presentzia: 40.000 izateraino heldu ziren, eta 8.000 inguru daude egun.
NBEk erabateko erretiratzea eskatzen zuen ebazpen bat onartu zuen iazko irailean, AEBek eta Frantziak bultzatuta.
Agi denez, nazioarteko komunitatearen aginduak aintzat hartzea erabaki du orain Siriako Gobernuak.
Ekialde Hurbila
Maiatzeko hauteskundeak baino lehen Libanotik guztiz erretiratuko dela iragarri du Siriak
Erresuma Batuko BBC komunikabide kateak jakinarazi duenez, maiatzeko hauteskundeak baino lehen erabat erretiratuko da Siria Libanotik. Iturri horren arabera, Siriako Atzerri ministro Faruk Al Sharak NBE Nazio Batuen Erakundera bidalitako gutun baten bidez egin du iragarpena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu