Amsterdam eta Kuala Lumpur hirien arteko bidaia egiten ari zen hegazkina. Donetsk eskualdean erori da, eta ez dago argi zer gertatu den.
Petro Poroxenko Ukrainako presidentearentzat "ekintza terrorista bat" izan da. Kievek erasoa miliziano errusiazaleei egotzi dien arren, haiek gezurtatu egin dute. Diotenez, ez dute behar adina armamentu 10.000 metroko altueran hegan egiten duen hegazkin bat botatzeko.
Errusiazaleen arabera, berriz, Ukraina izan da hegazkinari eraso egin diona. Kutxa beltza aurkitu dutela ere adierazi dute miliziano errusiazaleek, Interfax berri agentziak dioenez.
Malaysia Airlines konpainiako hegazkina da, eta 280 bidaiari eta 15 langile zeramatzan. Erabat suntsituta geratu da. Ukrainako Barne Ministerioko bozeramaile baten arabera, hegazkinaren erorketak 300 hildako eragin ditu.
Hegazkin konpainiak Twitter bidez baieztatu du kontaktua galdu duela, eta azkenekoz Ukrainako aire espazioan zegoela hegazkina:
Malaysia Airlines has lost contact of MH17 from Amsterdam. The last known position was over Ukrainian airspace. More details to follow.
— Malaysia Airlines (@MAS) July 17, 2014
Najib Tun Razak Malaysiako lehen ministroa "atsekabetuta" agertu da gertatutakoagatik, eta jakinarazi du ikerketa bat hasi dutela. Catherine Ashton Europako Batasuneko kanpo harremanetarako ordezkariak, berriz, "nazioarteko ikerketa bat" eskatu du. Barack Obama AEBetako presidenteak laguntza eskaini du "zer gertatu den eta zergatik gertatu den" argitu dadin.
Errusiako bi hegazkin konpainia nagusiek, Aeroflotek eta Transaerok, jakinarazi dute beste herrialde batzuetara joateko eskaintzen dituzten bidaietan ez direla Ukrainako aire espaziotik igaroko.