Mali iparraldean militarki esku harzea onartu zuen atzo, aho batez, Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluak. Ebazpen bat onartu zuen, Maliko gobernu kolpistak tuareg milizianoen esku dagoen Azawad eremuaren kontrola berreskura dezan.
Indarkeria amaitzeko eskatu die Segurtasun Batzordeak tuaregei. Frantziak sustatu du ebazpena. Bertan, zera galdegiten die Segurtasun Kontseiluak Ban Ki-moon Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiari eta Afrikako herrialdez gaindiko erakundeei: 45 egun baino lehen, presta dezala plan bat Mali Azawaden esku hartzeko.
Iragan irailean eskatu zion Maliko Gobernuak NBEri onar zezala ECOWAS Afrika Mendebaldeko Estatuen Ekonomia Komunitatearen esku hartzea. Gaur, ordea, Segurtasun Kontseiluak Ban Ki-mooni galdegin dio ECOWASen eta Afrikako Batasunaren esku jar ditzala estrategia militarreko zenbait aditu.
Maliko militarrek martxoan Amadou Toumani Toure presidente ohiaren kontrako estatu kolpea jo osteko nahasmena aprobetxatu zuen MNLA Azawadeko Nazioa Askatzeko Mugimenduak tuaregen lurraz jabetzeko. Lurralde horretan Al Quaeda errotzen ari delakoan, "erakunde terroristekiko loturak apurtzeko" eskatu die NBEk eremuaren kontrola dutenei.
Gaur bertan, milaka pertsona elkartu dira Bamakon, Maliko hiriburuan, nazioarteari esku hartze militar bat eskatzeko.