Malik laguntza militarra eskatu du «islamistei aurre egiteko»

ECOWAS Afrika Mendebaldeko Estatuen Ekonomia Komunitatea prest dago 3.000 tropa bidaltzeko

Erredakzioa
2012ko irailaren 6a
00:00
Entzun
Jeal Felix-Paganon Frantziako mandatari bereziak jakinarazi du Maliko presidenteak laguntza militarra eskatu duela Azawad eremuko «islamisten aurka borrokatzeko». Felix-Paganonen arabera, Maliko behin-behineko presidente Diouncounda Traorek eskaera formala aurkeztu dio ECOWAS Afrika Mendebaldeko Estatuen Ekonomia Komunitateari, «herrialdean egonkortasuna lortzeko eta iparraldea birkonkistatzeko» helburuarekin. Felix-Paganonek xehetasunik eman ez badu ere, ECOWASek azaldu du prest dagoela herrialdera 3.000 tropa bidaltzeko.

Erakunde horrek hilabeteak daramatza Malira laguntza militarra bidaltzeko asmoarekin, baina ez du lortu NBE Nazio Batuen Erakundearen eta herrialdeko politikarien babesik. Maliko armadak «laguntza ekonomikoa eta armak» bidaltzeko eskatu du orain arte, baina ez du onartu atzerriko soldaduak herrialdera joaterik. NBEren Segurtasun Kontseiluak, berriz, militarki lagundu aurretik «plangintza zehatza» aurkezteko baldintza ezarri dio ECOWASi.

Militarki esku hartzeko aukera

Joan den apirilaren 6an aldarrikatu zuen MNLA Azawadeko Nazioa Askatzeko Mugimenduak Mali iparraldeko Azawad lurraldearen independentzia. MNLAk izaera laikoa aldarrikatu bazuen ere, MUJAO Afrika Mendebaldeko Batasun eta Jihaderako Mugimenduaren Erakundeak eta Ansar Dine milizia islamistak, bat egin, eta estatu islamikoaren sorrera aldarrikatu zuten hilabete geroago. Geroztik, MUJAOren eta Ansar Dineren arteko batasuna indartu egin da; MNLAren aurka borrokatu dira, eta tuaregen kontrolpean zeuden herrietako boterea eskuratu dute.

Bestalde, zenbaitek ekintza militarraren alde egin du, eta asteartean Aljeriako Gobernuak jakinarazi zuen Azawaden esku hartze militarra egin edo ez ikertzen ari dela Malirekin, Nigeriarekin eta Mauritaniarekin. MUJAOk islamistek apirilean bahitutako Aljeriako kontsulordea hil dutela jakinarazi ostean etorri da berria.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.