Tuareg matxinoek Azawad lurraldearen independentzia aldarrikatu eta ordu batzuetara, Maliko militar kolpistek eta inguruko herrialdeek krisi politikoa gainditzeko hitzarmen baten berri eman dute. Horren arabera, kolpisten buruzagi Amadou Sanogo kapitainak Maliko presidentetza Dionkouda Traore parlamentuko buruaren esku utziko du. Aldaketa hori «ordutan edo egunetan» gerta zitekeela jakinarazi zuen herenegun arratsean Djibril Bassole Ecowas Afrika Mendebaldeko Estatuen Erkidego Ekonomikoko ordezkari eta Burkina Fasoko Atzerri ministroak. Hain zuzen, Traore atzo itzuli zen Burkina Fasoko erbestealditik, kolpearen ondoren harat ihes egin baitzuen. Tuaregen matxinadari buruz, berriz, Bassolek erran du su-etena lortzen ez bada, Ecowas Bamakorekin batera borrokatuko dela tuaregen aurka.
Bamakoko aireportuan Junta Militarraren eta Ecowasen ordezkaritza bana zituen zain Traorek. Boterea noiz hartuko duen, ordea, ez dute zehaztu hitzarmenean. Hala ere, Bassolek jakinarazi du Ecowasek «berehala» kenduko dizkiola Maliri ezarritako zigor ekonomikoak eta diplomatikoak. Hitzarmenaren helburua da konstituzioa berriz ere indarrean paratzea, eta horretarako pausoak bortz orrialdeko agiri batean bildu dituzte. Horren arabera, Traorek gehienez 40 egun eginen ditu boterean. Epe horretarako, hauteskundeak deitu beharko ditu. Tuaregen matxinada dela-eta bozak «antolatu ezin» baditu, trantsiziorako «egitura egoki bat» sortzeko exijitu diote Traoreri.
Parlamentuak berrezarri bezain pronto hainbat neurri paratuko ditu indarrean: lehenik eta behin, kolpistentzako amnistia legea onartuko du, haien ekintzak zigortzeko bide oro ixteko. Ondoren, parlamentuaren jarduna hauteskundeak egin bitarte luzatzeko epea onartuko du, «adostasunezko» lehen ministro bat hautatuko du, eta armada indartzeko neurriak onartuko ditu.
Sanogo kapitainak zuzendutako militarrek iragan martxoaren 22an eman zuten estatu kolpea, gobernua tuaregen aurkako matxinada gaizki kudeatzen ari zela argudiatuta. Amadou Toumani Toure bozen bidez hautatutako presidentea kargutik kendu, konstituzioa indargabetu eta parlamentua botererik gabe utzi zuten kolpistek. Hasiera batean bederatzi hilabeteko epea aipatu zuen Junta Militarrak, tuaregen matxinada zanpatzeko, konstituzioa berrezartzeko eta hauteskundeetara deitzeko. Aste honetarako, berriz,alderdi politiko guztiak eta gizarteko ordezkariak batzar nazional batera deituak zituzten, trantsizio prozesu baten inguruan eztabaidatzeko, eta Toure presidente kanporatua epaitzeko asmoa ere agertu zuten militarrek, goi mailako traizioa eta funts publikoak bidegabe erabiltzea leporatuta.
Ecowasekin egindako hitzarmena dela medio, ordea, batzar nazionala bertan behera utzi zuen Junta Militarrak. Toure presidente kanporatuari dagokionez, boterera ez itzultzea onartu du Afrika mendebaldeko estatuen elkarteak, baina kolpistei eskatu die utz diezaiotela hark aukeratutako etxe batean bizitzen, eta haren segurtasuna berma dezatela.
Su-etenik ezean, esku hartzea
Tuaregen independentzia adierazpenari dagokionez, Bamakoko agintearekin lerratu da Ecowas, Maliren «lurralde batasuna» hobetsiz. Baina sostengu politikoan ez ezik, gatazkan zuzenean ere esku hartzeko prest dago elkartea. Bassolek azaldutakoaren arabera, su-etenaren aldeko apustua egiten du Ecowasek, eta, hori gertatuz gero, behatzaileak bidaliko lituzke gatazka gunera menia bete dadin bermatzeko. Baina su-etena hitzartuko ez balitz ere, Bassolek erran du Ecowas prest dagoela Maliri laguntzeko tropak bidaltzeko. Hiru hilabetean soldaduak bidaltzeko prest izanen direla erran du Ecowasen ordezkariak.
Maliko kolpistek lehendik ere eskatu zieten tuaregen aurkako laguntza inguruko herrialdeei. Oraingoan, ordea, Sanogok zehaztapen bat egin du. «Maliko armadak laguntza behar du logistikan eta airean, baina ez lurreko tropekin. Lagundu nahi badigute, gure beharren arabera lagundu beharko ligukete».
Independentzia adierazpena
MNLA Azawadeko Nazioa Askatzeko Mugimenduak aste honetan lortu du lurralde osoa kontrolatzea, hiru hiri nagusiak hartuta —Kidal, Gao eta Tonbuktu—. Herenegun independentzia aldarrikatu zuen. Horretarako arrazoien artean, nazioarteko legedia aipatu du MNLAk; zehazki, Nazio Batuen Gutunaren 1. eta 55. artikuluak herrien erabakitzeko eskubidea arautzen dutenak. Nazioartetik, ordea, independentzia aldarrikapena errefusatzeko adierazpenak jaso ditu oraingoz; AB Afrikako Batasunarena,AEBena eta Frantziarena, bertzeak bertze. Parisek, ordea, negoziaziorako deia egin dio Bamakori. Hain zuzen, Suitzako Gobernuak jakinarazi du bitartekaritza lana eginen duela «gatazkaren alde guztiekin».
MNLA iragan urtarrilean matxinatu zen Maliko Gobernuaren aurka, Azawad lurraldearen autodeterminazioa lortzeko asmoz. Maliko hedaduraren erdia baino gehiago hartzen du Azawadek, iparralde osoa. Maliko 14,5 milioi biztanletik soilik 1,3 milioi inguru bizi dira bertan (2009ko errolda), gehiena Saharako basamortuak hartzen baitu. Baliabide natural aberatsak ditu, ordea.
Maliko kolpistek boterea uztea hitzartu dute inguruko estatuekin
Dionkouda Traore parlamentuko buruak hartuko du presidentetza, hauteskundeak antolatzeko eta trantsizio politikoa egitekoEcowas elkartea prest dago tuaregen aurka laguntzeko Bamakori, tropak bidalita
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu