Maliko militar kolpistek konstituzioa baliogabetu eta boterea hartu dute

Sortutako kaosa aprobetxatuko du tuaregen mugimendu independentistak, «eremua irabazteko»

Jon Fernandez.
2012ko martxoaren 23a
00:00
Entzun
Ordu luzez musika tradizional hutsa emititu ostean, Maliko telebista publikoan hogei militar inguruk egin zuten agerraldia atzo goizean. «CNRDR Demokrazia eta Estatua Berrezartzeko Batzorde Nazionalak erabaki du bere gain hartzea ardura guztia, Amadou Toumani Toureren erregimen ezgaiari amaiera emanez». Amadou Sanogo kapitainak hartu du erakunde sortu berriaren agintea, eta orain arteko instituzio guztiak eta konstituzioa baliogabetu dituztela azaldu du. «Lasaitasuna» eskatu die herritarrei, eta hitzeman du hauteskundeen bidez aukeratutako gobernu berri bati emango diotela boterea. «Zin egiten dugu demokratikoki hautatutako presidente bati emango diogula boterea, baina herrialdeak batasuna berreskuratzen duenean eta lurraldetasunaren kontrako mehatxurik ez dagoenean izango da hori». Bitartean, «batasun nazionaleko gobernu bat» osatu nahi dute.

Izan ere, tuaregen matxinada dago estatu kolpearen oinarrian. Maliko armadaren zati handi bat gobernuarekin haserre zegoen, iparraldeko borrokara arma eta baliabide gutxiegirekin bidaltzeagatik. Herrialdearen iparraldea, Azawad eskualdea, tuaregen eremua da, eta MNLA Azawad Askatzeko Mugimendu Nazionalak eskualde horren independentzia aldarrikatzen du. Joan den urtarrilaren 17an hasi zuten tuaregek matxinada Azawaden, eta dagoeneko eskualdearen %60 inguru euren kontrolpean daukate: eskualdearen independentzia aitortzea eskatzen diote Bamakori. Matxinadaren ondorioz, 200.000 lagun inguruk euren etxeak utzi behar izan dituzte.

Maliko militar kolpistek Toure presidentearen egoitza hartu zuten egun berean, hain zuzen, Azawadeko 63 hautetsik eta 28 ofizialek estatuaren menpeko egituretan dimisioa eman, eta MNLAra batu zirela jakinarazi zuten erakunde independentistaren webgunean. Atzo, berriz, kolpe militarrak Bamakon eragindako kaosa «eremua irabazteko» aprobetxatuko dutela esan zuen Parisen bizi den MNLAren bozeramaile Moussa Ag Acharatoumanek.

Toureren gobernuak Al-Qaedako Ansar Al-Din talde islamistarekin lotuta egotea leporatzen dio MNLAri, eta haren kontra borroka egitera bidali du armada Azawadera. Baina militarren haserrea asteartean piztu zen Katiko base militarrean, hiriburutik hamabost kilometrora. Defentsa ministroak soldaduen kuartelak bisitatu zituenean hasi zuten estatu kolpea. Toureren gobernuaren aldeko 50 soldadu hil dituzte, gutxienez, kolpean.

Mugak itxita

CNRDRko ordezkari gisa, Amadou Konare bozeramaileak ere agerraldia egin du telebistan, herrialdeko mugak, lurrekoak zein airekoak, itxi dituztela jakinarazteko. Nolanahi ere, oraindik ez dago argi lurralde osoko mugak ixteko adina babes ote duten kolpistek. Bamakoko aireportua Poliziak inguratuta dagoela baieztatu du Reuters berri agentziak, eta ez soldaduek inguratuta. Aireportua ixteak Malitik atera ezinda laga du Kenyako Atzerri Ministro Moses Wetangula. Hain zuzen ere, bakeari eta segurtasunari buruzko AB Afrikako Batasunaren bilera batera joana zen Watangula Malira.

Garaipena ospatzeko kaleetan airera tiro gehiago ez egiteko eskatu die Konarek militarrei, eta kolpearekin bat egin ez duten soldaduei CNRDRrekin «lehenbailehen» bat egiteko eskatu die. Batzordearen helburua estatuaren agintaritza berreskuratzea da, eta Azawad eskualdean tuaregen kontra borrokan ari diren militarrei «lurralde nazionalaren batasuna» defendatzen jarraitzeko eskatu die. Herritarrei, berriz, «etxean itxaroteko» galdegin die, eta administrazioko langileei, datorren asteartean, hilaren 27an, lanpostuetara 07:30ean bueltatzeko. «Justifikaziorik gabe lanera joaten ez direnek lanpostua galduko dute».

Militar kolpistek, gainera, etxeratze agindua ezarri dute, «kontrakoa agindu arte». Bien bitartean, Azawad eskualdeko Gao hirian kolpistek gobernua babestu duten militarrak atxilotu dituzte. Maliko eliteko Poliziak —Txapel Gorriak esaten dietak— oraindik ez du argitu Tourerekiko leial jarraitzen duen ala kolpistekin bat egin duen.

Toureren ibilbidea

Presidentearen egoitza hartu duten arren, ez dute presidentea harrapatu. Presidentea «salbu» dagoela baieztatu dio haren segurtasun pertsonaleko ofizial batek Xinhua Txinako berri agentziari. Bamakon bertan dago oraindik Toure, base militar batean bere soldaduek babestuta. Konarek, bestalde, gobernuko zenbait ministro atxilotu dituztela azaldu du: Atzerri ministro Someylou Boubeye Maiga eta Lurralde Administrazioko ministro Kafougouna Kone, besteak beste.

Asteazkenean Kiti base militarrean hasitako estatu kolpeak Toureren agintea erorarazi du. Kitin bertan hasi zuen Tourek bere karrera militarra 1970eko hamarkadan. Paraxutista moduan hasi zen, eta 1980ko hamarkadan teniente koronel bihurtu zen. 1991ko estatu kolpean parte hartu zuen Moussa Traoren diktaduraren kontra, eta urtebetez estatuko buru izan ostean 1992an politika utzi zuen, hasieran emandako hitza betez. Trantsizioa gidatu eta boterea utziko zuela agindu zuen kolpea ematean.

Boteretik urrun ezin luze eutsi, eta 2002an presidentetzarako hauteskundeetara aurkeztu zen. Irabazi egin zuen, eta 2007an berriro aukeratu zuten. Datorren apirilaren 29an, hain justu, presidentetzarako hurrengo hauteskundeak ziren egitekoak. Bozketa horren ostean kargua lagako zuela hitzemana zuen Tourek.

Nazioartearen eskaria

Nazioarteak elkarrizketarako deia egin die militar kolpistei. Desadostasunak demokratikoki konpontzeko eskatu zuen asteazkenean bertan Ban Ki-moon Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak, estatu kolpea eman baino ordu batzuk lehenago. Kolpearen ostean, berriz, «Maliko armadako zati batek egin dituen mugimendu gaitzesgarriek arduratuta» dagoela esan du Jean Ping ABko presidenteak. AEBek, berriz, kolpea gaitzetsi, eta «berehala ordena konstituzionalera itzultzea» eskatu diete Maliko militarrei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.