mundua

Malin matxinatutako militarrek, boterea hartu, eta Konstituzioa indargabetu dute

Estatuko erakunde guztiak deuseztatu dituztela iragarri dute telebista bidez, eta etxeratze agindua eman dute. Gutxienez hiru ministro atxilotu dituzte eta aireko eta lurreko mugak ere itxi omen dituzte. Matxinatutako militarrek Amadou Toumani presidentearen aldeko 50 militar hil dituzte.

2012ko martxoaren 22a
17:13
Entzun

Atzo Malin matxinatu zen militar taldeak iragarri du estatuko erakunde guztiak deuseztatu dituztela eta Konstituzioa bertan behera geratu dela. Hala jakinarazi dute matxinatuek, telebistaren bidez. Militarrak MNLA Azawad Askatzeko Mugimendu Nazionaleko tuareg independentisten aurka borrokatzeari uko egin diotelako matxinatu dira.

Horrekin batera, etxeratze agindua eman dute, berriro abisurik izan arte. Iturri horiek jakinarazi dute gobernuko hiru ministro harrapatu dituztela. Matxinatuek aireko eta lurreko mugak ere itxi omen dituzte. 

Militarrek telebista eta irrati publikoa hartu zituzten atzo. Matxinatutako militarrek Amadou Toumani presidentearen aldeko 50 militar hil dituzte bart gauean, Babes Zibilak adierazi duenez. Gobernuaren aldeko militarrek Amadou Toumani presidentearen egoitza inguratu zuten atzo, hura babesteko helburuarekin. Presidenteak ez zuen adierazpenik egin. 

Amadou Konare bozeramaileak salatu du gobernua ez dela gai herrialdearen iparraldean dagoen krisiari irtenbidea emateko; horretan, MNLA Azawad Askatzeko Mugimendu Nazionaleko tuareg independentistek armak hartu zituzten urtarrilaren 17an, autodeterminazioa eskatzeko. Ordutik hona, dozenaka lagun hil dira erasoetan. Arazo politikoez gain, elikadura krisi larria pairatzen dute Malin, eta, horregatik, ia 200.000 herritar ondoko herrialdeetara joan dira laguntza eske.

Horrekin batera, armadari nahikoa baliabide ez eskaintzea leporatu dio Konarek gobernuari, baita indarkeriari aurre egiteko gai ez izatea ere.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.