Hego Afrikan izan da Barack Obama Ameriketako Estatu Batuetako presidentea; ez zaio Nelson Mandela Hego Afrikako presidente ohiari bisitan joan, baina haren inguruan jardun du: "Inspirazio pertsonala izan da niretzat eta munduarentzat".
Pretoriako erietxe batean da Mandela, larri. Ekainaren 8an ospitaleratu zuten, biriketako infekzio batek jota, eta haren osasun egoerak okerrera egin zuen joan den igandean. Bi eguneko bisita hasi du gaur Obamak Hego Afrikan, eta Jacob Zuma herrialdeko presidentearekin egin du agerraldia.
"Madibaren adore morala" goraipatu du Obamak, eta gogoratu "askatasunera eta demokraziara eginiko trantsizioa" zuzendu zuela. "Gerra etniko eta borroka erlijiosoak dituzten lurralde askotan eredu izaten jarraitzen du", gaineratu du.
Agerraldi horretan bertan, Jacob Zumak azaldu du Mandelak "egoera kritikoan baino egonkor" jarraitzen duela. "Ez da ezer aldatu oraingoz, espero dugu hobera egitea", erantsi du.
De Klerk, Hego Afrikara
Europara joatekoa zen gaur Frederik de Klerk Hego Afrikako presidente ohia, baina bidaia bertan behera utzi eta Hego Afrikara joango da bihar, Mandelaren osasun egoera dela eta. "Mandela eta bere sendia De Klerken pentsamenduetan dago une zail hauetan", erantsi du ohar bidez De Klerk Fundazioak.
De Klerkekin batera jaso zuen Mandelak bakearen Nobel saria, 1993an, Apartheid politikak gainditzeagatik.