Manos Limpias taldeak ANC Biltzar Nazional Katalana legez kanpo uzteko eskatu dio Espainiako fiskal nagusiari, Vilaweb atariaren arabera. Biltzarreko ordezkarietako bati egin dio salaketa, Carme Forcadelli, eta "ustez zilegi ez diren elkarteak osatzea", "matxinada probokatzea" eta "funtsak bidegabeki erabiltzea" leporatu dio.
Eskaeran zehaztu ditu taldeak horren arabera zilegiak ez diren egitateak zeintzuk diren. Horietako bat da ANCren "helburu nagusia" Kataluniaren independentzia izatea. Biltzarraren ekintzak konstituzioaren aurkakoak direla uste du, baita "matxinadarako deia" egin duela ere.
Horrez gain, independentzia alde bakarretik aldarrikatzeko asmoa eta "subiranotasun ariketak" garatzea ere (apirilaren 5eko biltzarrean onartzekotan dena) egitate gisa aurkeztu ditu Manos Limpiasek.