Asteburuko bozetako porrotari nolabait erantzutera behartuta, Hollandek gobernuburua ordezkatu du. Iluntzeko zortzietan egin du hauteskundeen balorazioa: porrota "pertsonalki" hartu duela, eta "etapa berri bat" hasiko dela hemendik aurrera. Hedabideek arratsaldean aurreratutako berretsi du: gobernua osatzeko agindu dio orain arte Barne ministro izandako Vallsi.
PS Alderdi Sozialistak 150 udal nagusi baino gehiagotan galdu du gehiengoa, eta ezintasunez ikusi du nola egin duen gora eskuinak, eta ez soilik urteetan arerio izan duen UMPk; muturreko FN Fronte Nazionala esponentzialki ari da espazioa irabazten. Emaitzak estatu mailara estrapolatuta, Barne Ministerioak kalkulatu du PSk botoen %40,5 lortu dituela; UMPk, %45,1; eta FNk, %6,85.
PSko sektore ezkertiarrenak Hollanderen azken aldiko murrizketa planei egotzi die galeraren errua, eta haibat parlamentarik "norabidea" aldatzeko eskatu diote gutun publiko baten bidez. Urtarrilean enpresei hobariak emateko plan bat iragarri zuen gobernuak, hartara lanpostuak sortuko dituztela argudiatuta; egitasmoak gastu publikoaren murrizketa ere badakar, ordea.