Nepalgo Asanbleak Jhala Nath Khanal izendatu du gobernuburu, UML alderdi marxista-leninistako hautagaia. Boto gehien berak lortu du: Asanbleako 598 kideetatik 368k egin dute haren alde.
Gehienentzat, ezustekoa izan da Khanalen garaipena; Pushpa Kamal Dahal oposizioko hautagai nagusiak azken unean jakinarazi zuen bere hautagaitza bertan behera utzi eta Khanalen alde egingo zuela. Alderdi Maoistako kide da Dahal; ustez, Kongresuaren Alderdia –Asanbleako hirugarren indarra– gobernu koaliziotik kanpo uzteko egin du hori.
Khanalek orain arte presidente izandako alderdikideari hartuko dio lekukoa, Madhav Kumar Nepali. Hark, berez, iazko ekainaren amaiera aldean eman zuen dimisioa, krisi politikoari aurre egin ezinda. Maoisten alderdiak oposizio gogorra egin ziola salatu zuen orduan; hainbat protesta eta greba antolatu zituzten, UMLk eta Kongresuaren Alderdiak osatutako koalizioa desegiteko asmoz.
Azkenean, kargua uzteko erabakia hartu zuen Nepalek, baina orain arte behin-behineko gobernuko agintari lanetan jarraitu du, ordezkoa izendatu arte.
Uztailetik azarora bitartean, hamasei bozketa egin zituzten, baina ez zuten asmatu gobernurik osatzen. Alderdi guztien artean adostutako gobernuburu bat izendatzen ere saiatu ziren, baina horrek ere ez zuen esperotako emaitzarik izan.
2006an sinatu zuten Nepalgo Gobernuaren eta gerrilla maoistaren arteko bake akordioa, tirabira askoren ostean. Bi urte geroago monarkia deuseztatu zuten, baina orduz geroztik nekez ari da Nepal aurrera egiten.
Marxista-leninistek zuzentzen duten eta maoistek babesten duten gobernu berri honen zeregina, besteak beste, konstituzio berria idaztea izango da.
Hain zuzen ere, horregatik utzi du kargua Dahalek. Hark esandakoaren arabera, konstituzioa idaztea da bere lehentasunetako bat. Gainera, oraindik antolatuta jarraitzen duten 19.602gerrillari maoistekin zer gertatuko den negoziatu nahi du.
Maoistek marxistei utzi diete Nepalgo agintea
Zazpi hilabetean gobernua osatu ezinda egon ostean, oposizioak bere hautagaitza atzera bota du azken unean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu