Belgika

Marc Dutroux pederastia sareko buruzagi zela erabaki du zinpekoen epaimahaiak

Belgikako iritzi publikoa inarrosi zuen pederastia sarearen kasuan, delitu haiek aurrera eraman zituen taldeko buru Marc Dutroux zela erabaki du hura epaitu duen zinpekoen epaimahaian. Zehazki, Dutroux pederastia sareko buru zela, sei neskatila bortxatu zituela, haietako bi hil zituela, beste hiru neskei abusu sexualak egin zizkiela, gaizkideetako bat hil zuela eta droga trafikatzeko sareko kide zela ebatzi du epaimahaiak. Dutrouxez gain, beste hiru lagun ere sare horiekin zerikusia duten zenbait delitutan errudun direla erabaki du.

2004ko ekainaren 17a
16:41
Entzun
Hain zuzen ere, Michel Nihoul, Dutrouxen gaizkideetako bat, droga trafiko sareko buru zela ebatzi dute. Michel Lelievre eta Michelle Martin —Dutrouxen emaztea—, berriz, bortxatu zituen sei neskatilak bahituta edukitzeko beharrezko laguntzaile izan zituela erabaki du epaimahaiak.

1996an Belgikako zein nazioarteko iritzi publikoa gogor astindu zuen Belgikan jazotakoak: Dutrouxen etxean bahituta zeuden lau neskatila aurkitu zituen Poliziak, eta askatu zituztenean, hainbatetan bortxatu zituztela jakinarazi zuten. Halaber, etxe hartako lorategian bi neskatilen gorpuak atzeman zituzten. 8 urte zeuzkaten hil zituzten neskato haiek.

Esan bezala, Belgikako iritzi publikoan larridura handia sortu zuten gertaera haiek, besteak beste, Poliziaren lana zalantzan jarri zutelako. Halaber, Dutrouxek behin baino gehiagotan esan du pederastia sare zabal baten kide baino ez zela bera, eta kargu handiko jendeak agintzen zuela sare horretan. Kasuan agerian geratu zenetik orain arte, zalantza eta zurrumurru asko izan dira Belgikan gertakari haien inguruan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.