Marokok eta Fronte Polisarioak bi aldeen arteko elkarrizketa ez formalak hasiko dituzte gaur Mendebaldeko Saharaz, zortzigarren aldiz. Nazio Batuen Erakundearen babesean bilduko dira, New Yorken. 2007ko eta 2008ko negoziazio formalek huts egin zutenetik bultzatzen ditu NBEk elkarrizketa hauek, eta Polisarioak ohartarazi du giroa ez dela aurrekoetan baino hobea, "Maroko burutzen ari den ekintzengatik".
Aljeriak eta Mauritaniak herrialde horien bizilagun diren aldetik begirale lanak egingo dituzte, aurrekoetan egin zuten moduan.
Polisarioak NBEn duen ordezkariak, Ahmed Bujarik, azaldu duenez bilera Marokon egin berri den konstituzioaren erreformak baldintzatuko du, salatu duenez Mendebaldeko Saharan erreferendumera deituz, Marokok ekintza burutuen politikarekin jarraitzen duela frogatu baita. "Horrek tentsioa areagotzen du", esan du.
Mendebaldeko Sahara "deskolonizazio prozesuan" dagoela adierazi du Bujarik, eta erreferendumera deitzeak oraindik zehaztu gabe dagoen estatusa, negoziatzen ari direna, ematea da bere hitzetan.
Autodeterminazioa zehazten
Fronte Polisarioak, hala ere, azpimarratu du NBEren Segurtasun Kontseiluaren babesare duten elkarrizketen aldekoak direla, egoera desblokatzeko. NBEk autodeterminazioa nola egin eta hori nortzuek erabaki zehaztean hastea nahi du, aurreko katean bilerak iragarri zituenean esan zuenez.
Bestelako helburuak ere badauden arren, NBEren asmoa bi aldeen jarrerak gerturatzea da. Polisarioak independentzia aukeran emango duen autodeterminazio erreferenduma nahi du; Marokok autonomia estatusa proposatzen du Mendebaldeko Sahararentzat. "NBEk badaki herriak zer nahi duen jakitea ezinbestekoa dela bake prozesuan aurrera egitea", esan du Bujarik.