Herri okupatu eta zatitu bateko bi emakume dira Galia Djimi (Agadir, 1961) eta Mariam Salek (Agdenia, 1966). Djimi Mendebaldeko Saharan bizi da, okupatutako lurraldean, eta bere azalean sufritu ditu bidegabekeriak. Aaiunen da egun, eta etxetik ateratzeko beldur da: «Blokeoa erabatekoa da, eta ezin gara kalean ibili; janaria eskuratu eta azkar itzultzen gara». Etxea ere miatu diote. «Agdaim Izik kanpalekua antolatu zuten, eta manifestazioak egin dituzten gazteen bila ari dira etxez etxe; jipoitu egiten dituzte, eta ondoren, atxilotu. Marokok, azken batean, erresistentzia amaitzea du helburu ekintza lazgarri hauekin».
Laztura batean bizi dela aitortu du Djimik. Saleki, berriz, bere herriak bizi duenak eragiten dio samina. Tindufeko (Aljeria) errefuxiatu gunean bizi da, jaioterritik urrun, harresiaren beste aldean, basamortu idorrean. SEAD Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoko Hezkuntza ministroa da gaur egun, eta azken egunotan gertatzen ari denaren inguruko informazioa eskuratzea zaila zaio hari ere. Bake erresistentziaren aldeko borrokaren alde daudela azaldu diote BERRIAri.
Marokoren jazarpena beti izan da bortitza, baina egunotakoa are latzagoa da. Zuk, Galia, bahiturik eman zenituen ia lau urte.
Galia Djimi: Manifestazio batean atxilotu ninduten, 1987an, ehunka herritarrekin batera. Batzuk askatu egin zituzten, baina 324 pertsonako talde bat (tartean 87 emakume) ezkutuko gune batera bidali gintuzten. Galdeketetan tortura fisiko eta psikologikoak jasan genituen. Hiru hilabeteren ostean, buruko ilea galdu nuela konturatu nintzen, erabiltzen zituzten produktu kimikoen eraginez. Gorputzean txakurren haginkaden zauriak ditut. Denbora guztian biluzik egotera behartu ninduten, begiak estalirik. Espainiarrak Mendebaldeko Saharan zeuden garaian, txerriak hil baino lehen zituzten leku berean ginen preso, bakarturik, epaiketarik gabe. Aurreneko bi urteetan nire taldeko 32 pertsona hil ziren osasun eta higiene neurri eskasengatik, jasandako torturengatik, elikadura faltagatik... Bortxaketak eta torturak eguneroko ogi ziren. Emakume askok abortatu edo torturapean erditu ziren.
Baina ez ginen bakarrak izan, milaka herritar desagerrarazi zituzten 1975etik 1991ra.
Ordutik giza eskubideen defentsan aritu zara lanean.
G. D: Marokoren helburua borroka bertan behera utz nezan zen, kontzientzia eta esperantza galtzea. Baina ez zen hala izan. Askatu ostean, sufrimendu hau aditzera emateko beharra sentitu nuen; Marokok debekatu egin zien komunikabideei auzi honen inguruan hitz egitea. Nire taldekook, baldintzapeko askatasunean ginen 98a arte, hau da, egunero polizia etxera sinatzera joatera behartzen gintuzten. Rabatera joan ziren gure taldeko gizonezko batzuk, ezkutuan, gobernuz kanpoko erakundeekin hitz egiteko; Ameriketako Estatu Batuetako enbaxadarekin harremanetan jarri ziren, baita AI Amnesty Internationalekin ere. Emakumeak hirian gelditu ginen txostenak prestatzen eta lan teknikoa egiten.
Biktimen talde bat sortzeko ahaleginetan ari gara gaur egun. Marokoko agintariek ez dute onartzen Saharako Biktimen Elkartea. Helegiteak aurkeztu ditugu, baina ez dugu ezer lortu. Klandestinitatean egiten dugu lan, eta Poliziaren jazarpen izugarriarekin. Autodeterminazio eskubideaz gain, sahararren egoera sozioekonomikoa bera ere salatzen dugu; bazterketa, miseria, langabezia... Zaila da egoera.
Erresistentzia baketsuaren alde egiten duzue, hala ere, autodeterminazio eskubidea defendatzeko. Eraginkorra dela uste al duzue?
Mariam Salek: 1991n militarki garaipena lortzea oso zaila izango zela konturatu zen Maroko, eta su-etena sinatu zuen. Haren asmoa gerra amaitzea zen, baina ez zuen inoiz autodeterminazio eskubidea onartu. Ordutik Mendebaldeko Saharako herritarrek era baketsuan egin diogu aurre estatu zapaltzaileari.
Fronte Polisarioa presio handia jasaten ari da, askok armak berriz hartzeko eskatzen diote. Kanpalekuetan zein lurralde okupatuan, gazteak eta emakumeak, hautu honen aldeko jarrera ari dira hartzen. Marokok ez du ikusten, edo ulertzen erresistentzia baketsua. Nazioarteak ez du ezer egiten gatazka armaturik ez badago, odolik isurtzen ez badute.
Fronte Polisarioak urtebete barru egingo du aurrerantzeko estrategia zehazteko hurrengo kongresua. Tarte horretan, baina, posible da armak berriz hartzea erabakitzea. Saharako herriak ezin du bide hau jarraitu, gehiegi sufritu du, eta gutxi du galtzeko jada: ez du lurrik, eta bere alabak egunero bortxatzen dituzte. Jazarpena oso bortitza da, eta jende asko hil da. Ikusten dudan etorkizun bakarra borroka armatuari bide egitea da.
G. D: Bakean eta elkarbizitzan sinesten dugu: gatazkaren konponbidean, pertsonen ongizatean, egonkortasunean. Bahituta geundenean ez genuen eguzkia ikusteko esperantzarik; orain, hemeretzi urteren ostean, itxaropena dugu. Herri baketsu honek merezi duen askatasuna izango du azkenean, etorkizuna nahi duen bezala erabakitzeko eskubidea.
Itxaropenik ba al duzue hasi berri diren negoziazioetan?
M. S: Marokok nazioarteko presioa murrizteko onartzen du elkarrizketa hauetan parte hartzea; aurpegia zuritzeko besterik ez doa. Entzutera doa, ez negoziatzera. Ez du gatazka konpontzeko inolako borondate edo beharrik.
Zer deritzozue jasotzen duzuen nazioarteko laguntzari?
M. S: Herritarrek ez dute konfiantza askorik nazioarteko agintariengan. Orain dela hiru urte, Fronte Polisarioak bere azken kongresua egin zuenean, oinarriek NBErekin harremanak eteteko eskatu zioten; kokoteraino daude horrenbeste urte pasatu eta gero inolako irtenbiderik bideratu ez izanagatik.
G. D: Argi dago nazioarteak borondaterik balu gatazka konponduta legokeela jada. Ekialdeko Timorren, adibidez, antzeko egoera zuten. Baina Portugal NBEn borrokatu zen bere kolonia izandakoa Indonesiarekiko independentzia eskuratzeko, Australiaren laguntza ekonomiko eta politikoarekin.
Europako Parlamentuko diputatu batzuek babesten dute gure xedea. Baina Frantziak eta Espainiak berehala eteten dute justiziaren inguruko edozein eztabaida, interes ekonomikoak baitituzte hemen. Espainiaren jarrera bereziki lotsagarria da, Maroko geldiarazi bailezake.
Zein da Espainiaren eginkizuna?
M. S: Orain arte Espainiak ez dio Portugalek Timorren hartutako bideari jarraitu nahi izan; Mendebaldeko Sahararen eta Marokoren arteko gatazka ezkutatzen ahalegindu da. Okupazioaren lehenengo erantzulea da; deskolonizazio prozesuan ez zituen bere erantzukizunak bete, eta baditu bitartekoak Maroko geldiarazteko. Azken finean, NBE Nazio Batuen Erakundeko ebazpenaren arabera, Espainiak Mendebaldeko Sahara administratzen jarraitzen du. Gainera, gobernu denek izan dute jarrera bera.
Eusko Jaurlaritzak ere aldatu du orain arte izandako jarrera. PP Alderdi Popularraren eta PSOE Espainiako Alderdi Sozialistaren politika beti izan da berdina: Saharari ogia eta garbantzuak, eta Marokori Mendebaldeko Sahara zapaltzeko armak. Oposizioan daudenean baino ez gaituzte babesa ematen.
Mariam Salek eta Galia Djimi. Hezkuntza ministroa eta ekintzailea
«Marokok erresistentzia amaitzea du helburu ekintza lazgarri hauekin»
Marokok eraikitako harresiaren alde banatan bizi dira Djimi eta Salek; jaioterrian batek eta errefuxiatuta besteak, biek sufritu dute gatazka, eta biak dabiltza eskubideen alde borrokan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu