Nazioartetik joandako begiraleek hauteskundeak normaltasun osoz egin direla esan arren, bat baino gehiago izan dira salatu dutenak alderdiek botoak erosi dituztela probintzietan. Hizb al Istiklal alderdiaren aldeko kazeta Al Alam-ek, esaterako, salatu du Marokoko iparraldeko eskualdeetan iruzurra «izugarria» izan dela.
ERREGEAREN ERABAKIAREN ZAIN. Marokoko Konstituzioaren arabera, Mohamed VI.a da gobernu berria osatuko duen lehen ministroa aukeratuko duena, baina gobernuburuak ez du zertan izan bozak irabazi dituen alderdikoa. Aldi honetan, ordea, adituak bat datoz esaterakoan Marokoko erregeak aurreko koalizio gobernuan zegoen Independentziaren Alderdiko norbait aukeratuko duela kargurako.
Hizb al Istiklal alderdiko buru Abbas el Fassik, berriz, nabarmendu du Demokraziaren Blokeak -aurreko koalizio gobernua-
gehiengo osoa izango dutela oraingoan ere. «Akordioa hitzartu dugu blokeko beste bi alderdiekin [Herri Indarren Batasun Sozialista eta Aurrerapenaren eta Sozialismoaren Alderdia]». Abbas El Fassik azaldu du Mohamed VI.ren erabakiaren zain daudela, lanean hasi ahal izateko.
Erregearen erabakia datozen egunetan jakingo da. Gehien aipatzen diren izenen artean daude Turismo ministro izandako 43 urteko Adil Duiri eta Garraio ministro izandako 41 urteko Karim Gelab.