Marokon zentral nuklear bat eraikitzea negoziatzen dabil Errusia

Moskuko ordezkariak Rabaten dira, Marokoren lehen zentralerako kontratua lortzeko asmoz

Erredakzioa
2007ko martxoaren 20a
00:00
Entzun
Errusiako Atomstroyexport estatu konpainiaren ordezkaritza bat Marokoko hiriburura iritsi zen atzo, Rabateko agintariekin zentral nuklear bat eraikitzea negoziatzeko. Maroko bere lehen zentral nuklearra eraikitzeko asmotan dabil, eta oraindik horretarako lehiaketarako deia egin ez duen arren, badauka hura kokatzeko lekua aukeratuta: Sidi Boulbra, Safi eta Essaouira hirien artean, Ozeano Atlantikoaren ertzean.

Atomstroyexporteko ordezkaritzako eledun Irina Jesipovak adierazi duenez, bere konpainiak «aukera onak» ditu eraikuntza kontratua lortzeko.

Orain arte Marokok uko egin dio Espainiarako bidean bere lurraldetik igarotzen den Aljeriako gasa baliatzeari, eta gero eta petrolio gehiago kontsumitzen du. «Horniketa iturriak zabaltzeko eta energia kontsumoaren igoerari aurre egiteko [urteko %8 gehiago], instalazio nuklearren beharra daukagu», adierazi zuen iaz Marokoko Argindarraren Erakunde Nazionaleko zuzendari Junes Maamaarrek. Maamaar Moskun izan zen joan den irailean, eta orain Moskuko ordezkariak Rabatera joan dira, beren proposamena egitera.

Presio uraren bidez funtzionatzen duen VVER-1000 motako erreaktorea eraikiko dute Sidi Boulbran, proiektua gauzatuz gero. 1980ko hamarkadan garatutako modeloa da, eta duela 30 urtetik halako bat dabil lanean Finlandian. Modeloaren prezioa 1.500 milioi euro ingurukoa da, Frantziako eta AEBetako modeloak baino askoaz ere merkeagoa.



BEDERATZI URTE BEHARKO DIRA. Marokok dagoeneko esperimentuzko erreaktore bat dauka Maarmoran, AEBetako General Electric enpresak eraikia. Halere, adierazpen kontraesankorrak egin ditu energia nuklear zibilaren alde eginiko hautuaz. Energia ministro Mohamed Butalebek zentral termonuklear bat eraikitzeko asmoa dagoela ukatu egin du, eta Argindarraren Erakundeko zuzendariak, berriz, esan du erabakia «hartuta» dagoela. «Erabakia hartuta dago, baina proiektu nuklear baten sorrera oso luzea da», esan zuen iazko maiatzean. Litekeena da bederatzi urte behar izatea zentral nuklearra lanean hasi aurretik.

Egitasmo horren aurrean, baliteke Aljeriak ere bere zentrala eraikitzeko pausoak ematea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.