Marokok bere bertsioari eusten dio, eta ez dirudi, oraingoz behintzat, nazioarteko agintari bakar batek ere hari aurre egiteko ausardiarik duenik. Alde guztietan, Agdaim Izikeko kanpalekuan eta Aaiunen egindako sarraskiak salatzeko manifestazioak egiten dituzte, baina Espainia eta Europako Batasuna denbora eta lasaitasuna eskatzen ari dira oraindik. Horiek hala, ez da harritzekoa Aminetu Haidar giza eskubideen aldeko ekintzaile sahararrak Rabaten zentsurarekin bat egitea leporatu izana Jose Luis Rodriguez Zapatero gobernuburuaren taldeari. «Tamalez, Espainiako Gobernuak behin baino gehiagotan erakutsi du bere ahultasuna, Mendebaldeko Saharako giza eskubideen auziari dagokionez». Ekintzaile sahararra Kanarietan da egunotan, baina laster Aaiunera itzultzeko asmoa du. Han egoerak bere hartan jarraitzen duela ohartarazi du Haidarrek. «Zaila da esatea zenbat diren Marokok bi asteotan hildako sahararrak, baina desagertutako guztiak hilda daudela uste dugu».
Amnesty International erakundeak, bestalde, gutun irekia bidali dio Espainiako Gobernuari, gertatutakoari buruzko ikerketa independente eta berehalakoa eskatuz. «NBEk ikerketan parte hartzeak horren partzialtasun eza bermatzeko balioko luke». Antzeko eskaera egin du aste honetan Espainiako Atzerri ministro Trinidad Jimenezek, baina ikerketa nork eta nola egin beharko lukeen zehaztu gabe. Hain zuzen ere, atzo bertan, Nazio Batuen Erakundearen Sahararako misioari (Minurso) giza eskubideak zaintzeko eskumena emateko eskatu zuen diplomazia harremanetarako arduradunak.
Negoziazioak
NATOren bileraren ostean,AEBetako Estatu idazkari Hillary Clintonekin bildu zen atzo Jimenez, eta bilera baliatu zuen Fronte Polisarioaren eta Marokoren arteko elkarrizketei «bultzada politikoa» ematea proposatzeko. Bide horretan, Mendebaldeko Sahararen Lagunen Taldea osatzen duten herrialdeen —Espainia, AEBak, Frantzia, Erresuma Batua eta Errusia— babesa bilatuko du Madrilek. Horiek berak dira, ordea, Minursok giza eskubideen ardura bereganatzea eragotzi duten eta Marokori «azalpenak emateko» nahi adina denbora eman dioten berberak.
Bestalde, Aaiungo Helegite Auzitegiko fiskal nagusiak iragarri du ikerketa bat abiatuko duela, azaroaren 8an, Agdaim Izik kanpalekuaren aurkako operazioan izandako tiroketak argitzeko. Erabaki hori hartu dute,Human Rights Watch erakundeko Larrialdietarako arduradun Peter Bouckaertek egindako salaketaren ondorioz. Bouckaertek adierazi zuen armadaren erasoaldian hainbat lagun balaz zauritu ziuztela.
Marokoren zentsurarekin bat egitea leporatu dio Haidarrek Espainiari
Aaiunen gertatutakoari buruzko ikerketa independente eta berehalakoa eskatu du Amnesty International erakundeakMinursori giza eskubideak zaintzeko ardura ematearen alde agertu da Madril
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu