Long Islandeko Greenfree herrian (AEB) ateak itxita elkartuko dira gaur eta igandera bitartean Maroko eta Fronte Polisarioa. NBE Nazio Batuen Erakundeko bitartekaritzaren bidez egingo dituzten zeharkako bosgarren elkarrizketak izango dira, eta hitzordura «ekarpen zehatzak» eramateko eskatu die Martin Nesirkyk. NBEko bozeramailearen hitzetan, azken elkarrizketetan «ikuspuntu berritzaileak plazaratu» zituzten, aldeek «aurrerapausoak egiteko giroa sortze aldera». Orain urratsak egitea espero du Nesirkyk.
Christopher Ross NBEko Mendebaldeko Sahararako ordezkariak ere zehaztu du azken bilkuran «seriotasunez, zintzotasunez eta elkarrekiko errespetuz» aritu zirela aldeak. Abenduaren erdialdean elkartu ziren azkenekoz bi aldeetako ordezkariak; Marokok Agdaim Izik kanpalekua indarrez desegin eta hilabetera. Negoziazioak haustear egon ziren, baina bakearekiko konpromisoa erakutsi zuen beste behin ere Fronte Polisarioak.
Orain artean egindako zeharkako zein zuzeneko negoziazioak, baina, antzuak izan dira. Rabatek autonomia baino ez du onartzen Mendebaldeko Sahararako; Polisarioarentzat, berriz, erreferenduma da okupazioa amaitzeko bidea.
Marokok Agdaim Izik kanpalekua desegitean baliatu zuen jazarpena oraindik ere indarrean dela salatu dute, bestetik, sahararrek. Aaiungo Kartzela Beltzean 120 saharar daudela jakinarazi du Galia Djimik. Giza Eskubideen Urraketa Larrien Elkarteko presidenteordeak azaldu du atzo zortzi preso askatu zituztela eta urtarrilean 22 askatu dituztela, tartean bi emakume, baina oraindik ere saharar ugari daudela preso. Epaitegi militarren aurrean epaituko dituztenak, berriz, hogei dira. Jada bi saharar pasatu dira auzitegi horietatik.
Asilo eskaerak
Marokok azaroaren 8an desegin zuen kanpalekua, eta ordutik basamortuan ezkutatuta egon dira hainbat saharar. Fuerteventurara (Espainia) txalupaz iritsi ziren horietako 22, hilaren 5ean. Espainiako Gobernuari asilo politikoa eskatu zioten, baina bosten eskaerak baino ez dituzte onartu tramiterako. CEAR Errefuxiatuak Laguntzeko Espainiako Batzordeak helegitea aurkeztuko du gainontzeko eskaerak atzera bota izanagatik; izan ere, erakunde horren arabera, jaioterrira itzuliz gero sahararron bizitza arriskuan egongo litzateke. UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak ere eskaerak berriz aztertzeko eskatu dio Madrili.
Marokori eta Fronte Polisarioari ekarpen zehatzak egiteko eskatu die NBEk
Gaur hasiko dituzte aldeek zeharkako bosgarren negoziazioak; igandera arte bilerak egingo dituzte AEBetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu