Panamako Hauteskunde Batzordeak jakinarazi du, botoen %78,25 zenbatuta daudela, Ricardo Martinelli enpresaburuak (Aldaketa Demokratikoa, CD) irabazi dituela hango bozak, Balbina Herrerari (Alderdi Iraultzaile Demokratikoa, PRD) hamalau parlamentariko aldea kentzen diolako: 71 legebiltzarkideetatik 37 lortu ditu CDk eta 23 PRDk -gaur egun 46 ditu-. Herrerak aitortu du galdu egin duela eta oposizioko buru aldarrikatu da.
PRD dago egun Panamako Gobernuan eta Martin Torrijos da presidentea. Hautagai ez ezik, PRDko idazkari nagusia ere bada Herrera. Martinelli eskuineko hautagaiak orain arte oposizioan izan diren lau alderdiren -berea barne- sostengua jaso du; uztailaren 1ean hartuko du Panamako presidente kargua.
Guillermo Endara presidente ohiaren (1989-1994) Aberriaren Abangoardia Moralak parlamentari bakarra lortu du.
Pobreziari, indarkeriari, mundu mailako krisi ekonomikoari, ustelkeriari, sistema judizial ahulari, indigenen eskubideen urraketari... Arazo horiei guztiei egiun beharko dio presidente berriak. Izan ere, Panamak dituen 3,3 milioi biztanleen heren bat pobrezian bizi dira, indarkeria %47 handitu zen iaz aurreko urtearekin alderatuta, narkotrafikoak segurtasun eza areagotu du, sistema judizialaren gabeziak demokrazia urratzerainokoak dira, eta indigenen eskubideak urratuta jarraitzen dute Panaman.
Orotara 2,2 milioi lagunek izan dute boza emateko aukera eta, presidenteaz gain, legebiltzarkideak eta alkateak hautatu dituzte. Atzerrian bizi diren herritarrek aurreneko aldiz eman ahal izan dute boza; hala nola presoek eta gaixoek.
MunDUA
Martinelli enpresaburuak irabazi ditu Panamako hauteskundeak
Botoen hiru laurden zenbatuta dituztela, hamalau parlamentariko aldea kentzen dio hautagai ofizialari. Aldaketa Demokratiko kideak uztailaren 1ean hartuko du presidente kargua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu