MIM Martinikako Alderdi Independetistak herritarren %20 irudikatzen du. Kanpaina baietzaren alde eraman dute. Marie-Sainte alderdiko burua eta Eskualde Kontseiluko lehendakariordea da.
Zergatik deitzen duzue baietz bozkatzera?
Uhartearen ibilmoldea erraztea da galdeketan proposatua dena. Martinika departamendua eta eskualdea da aldi berean. Bien ordez, kolektibitate bakar bat jartzea da proposatua. Bi biltzar izateak nahasmena sortzen du, baita diru xahutze izugarriak ere. Har dezagun, adibidez, laborari soil baten kasua. Diru laguntza eskaera egiterakoan , ez daki nora joan, bi egitura dituelako parean, eta biak dira laborantzaz arduratzen. Haatik, eragile abil batek bi egiturei dei egin dezake, eta bietatik eskuratu. Bi egiturak konkurrentzian jarriak dira hainbat arlotan, eta horrek guzia konplikatzen du. Bide batez, biltzar bakar hori jartzen bada, ahal gehiago lortuko genituzke, garraioaz, kulturaz, lurraldetasunaren egokitzeaz eta eraikuntzaz arduratzeko, baita Parisen bozkatuak diren legeak hemengo egoerari egokitzeko ere.
Zer deritzozu galdeketa antolatu den manerari?
Lehen aldia da herritarrei galdetzen dietena Martinikaren historian. Ez digute iritzia galdegin esklabo bilakarazi gaituztelarik. 1946an, Martinika Frantziako departamendu bilakatu zelarik, edo Europako Batasunean sartzeko, beste herrietan galdeketak antolatu badituzte ere, guri ezer ez. Oraingoan bai, ez bada ere egiazko erreferenduma.
Denbora gutxi izan da kanpaina prestatzeko. Zer deritzozu horri?
Eztabaida orain dela 20 urte hasi zen, dezentralizazioaren aldeko politika eramaten hasi zirelarik. Garai hartan, jadanik gaitzetsi zen bi egituren artean sortzen zen nahasmena. Gauzak tarrapatan egiten ari direla ezetzaren aldekoek dute sinestarazten, nahasmena sortzeko. Gaur iraganen den galdeketara heltzeko, estatutu aldaketaren eztabaida orain dela lau urte hasi genuen Eskualde Kontseilutik. Aterabiderik gabeko egoera hertsian dago Martinika, langabeziaren kopuruak izugarriak dira, eta horrek dakarren delinkuentzia ere bai. Horren aitzinean, instituzioen aldaketa baten beharra ezinbestekoa zela nabarmendu genuen. Martinika Proiektua eraikitzen hasi ginen. Proiektuak bere bidea segitzen zuela, martxoan Frantziako Konstituzioaren 73. artikuluaren aldaketak, galdeketak edo erreferendumak eskualdeka egiteko aukera eman zuen. Horiek hola, urrian jakin dugu galdeketa abenduan egiten zela.
Autonomiaren aldekoekin eta eskuineko batzuekin ere bildu zarete baietzaren alde, nolaz hori?
Gure proiektua aitzinatzeko, Frantziako Gobernuaren aurrean fronte bateratu bat aurkeztu behar genuen. Gobernuak digu inposatu gure arteko elkar-biltze bat, gure eskaera ez zuela kontuan hartuko bestela azalduz. Hala, hautetsien %80 proiektuaren alde jartzea lortu dugu.
Autonomia mota bat dela errana da.
Ez da autonomia bat. Frantziak du atxikiko legegintzaren boterea. Gainera, prefeta hemen gelditzen da. Ezetzaren aldekoek dute sinestarazi nahi autonomia eta, bide batez, independentziarantz goazela estatutu aldaketa horrekin, eztabaida nahasteko. Beldurra sartzea konfiantza lortzea baino errazagoa da.
Independentziaren alde zarela, nola ikusten duzu estatutu berria?
Gure historian, urrats bat aitzina. Esklabo izatetik aitzinatzen ari gara emeki-emeki. Ni segur naiz egun batez burujabetza lortuko dugula, pazientzia ukan behar da, ezin da historia aitzinetik idatzi. Eta bide horretan, guzia on da hartzea. Galdeketa hori urrats beste bat da duintasunaren bidean. Batzuk beldurra sortzen dute, erranez independetzia lortzen badugu, Haitiren gisa, herri pobre bat bilakatuko garela. Baina kasu egiten baduzu, aurkako politikari horiek beti Haiti herria dute hartuko adibide bezala, hura baita bakarra hain gaizki dena, dena egina izan baita hala bilaka zedin. Santa Luzia uhartea hartzen bada, haatik, gauzak ez dira hain gaizki. Gure lehen auzo honek independentzia duela 30 urte lortu zuen. Bai, egia da ez duela oraino guk dugun aberastasuna biztanleka, baina bide onetik doa. Gu baino hurrunagotik abiatu da, eta gaurko egunean gu baino hobeki dabil. Badakizu, tripa betea ukaitea ez da aski uros izateko. Duintasuna ere beharrezkoa da. Norberak bere burua kudeatzeko bere eskuen artean ahalak ukaitea garrantzitsua da. Eta hori dugu aldarrikatzen.
Herritar gehienek Frantziari lotuta izaten segitu nahi dute, diru laguntzak beharrezkoak direlakoan.
Inportazioak lehertzen duen sistema baten menpe gaude. Ekoizpenen %97 inportaziotik heldu dira. Alta, uhartean berean ekoizpen berak aurkitzen dira, baina garestiago izaki, ez dira saltzen. Itotze horretatik atera behar dugu.
MARTINIKA. «Galdeketa beste urrats bat da duintasunaren bidean»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu