Martinikak eta Guyanak estatutu berria izango dute bi urteren buruan

Frantziaren menpeko bi lurraldeek kolektibitate bakarrari baietza eman diote, abstentzio handia izan den herri bozketan

2010eko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
Frantziaren menpeko itsasoz bestaldeko lurraldeak diren Martinikak eta Guyana Frantsesak estatutu berria izango dute hemendik bi urtera. Hala iragarri du itsasoz bestaldeko lurraldeen ministroak, Karibeko uhartean eta Hego Amerikako herrialdean igandean eginiko herri bozketetan baiezkoak irabazi ondoren. Martinika eta Guyana Frantseseko herritarrei galdegin zitzaien, departamendua eta eskualdea bateratuta, kolektibitate bakarra osatzearen alde ziren ala ez. Bigarren erreferenduma izan da bi asteko tartean; izan ere, urtarrilaren 10ean autonomia gehiago eskuratzeko aukerari ezetz esan zieten biek.

Marie-Luce Penchard ministroak iragarri du urte hau amaitu baino lehen lege proposamenamoldatuta egongo dela, Martinikaren eta Guyana Frantsesaren estatus instituzional berriak zehaztearren. Frantziako Legebiltzarrak eta Senatuak behin onartu eta gero jarriko da indarrean estatutu berria, betiere itsasoz bestaldeko lurralde horietan bakarrik. Hori, baina, ez da bi urte baino lehen gertatuko. Hortaz, Frantziako edozein lekutan bezala, eskualdeetarako bozak egingo dira bi lurraldeetan heldu den martxoaren 14an eta 21ean.

«Frantziako Konstituzioaren 73. artikuluaren ildotik, departamenduaren eta eskualdearen ardurapeko eskuduntzak bere gain izango dituen kolektibitate bakar baten eratzeari oniritzia diozu?». Galdera horri baiezkoa eman diote, beraz, bi lurraldeetako boto emaileek. Martinikan, baietzak %68,3 izan du, eta Guyana Frantsesean, berriz, %57,4. Abstentzio oso handia izan da, lurralde batean zein bestea. Karibeko uhartean, izan ere, parte-hartzea %35,8koa baino ez da izan, eta Hego Amerikako lurraldean, are gutxiagokoa: %27,4koa. Hortaz, Guyana Frantseseko 10.000 boto emaile baino gutxiagok onartu dute estatutu aldaketa.

Igandeko herri bozketa hori bi aste lehenago egin zen beste erreferendumaren emaitzen ondorioa zen. Izan ere, orduan herritarrei galdegin zieten, Frantziako Konstituzioaren 74. artikuluaren bidetik, eskuduntza zabalagoko estatutu bat gura zuten ala ez. Hain zuzen, bi lurraldeetan ezetzak alde handiz irabazi zuen: %79,3 Martinikan eta %70,2 Guyanan. Gauzak horrela, Frantziako presidente Nicolas Sarkozyk, aurretik ebatzia zuen legez, bigarren herri bozketa antolatu da lurralde bietan, Konstituzioaren 73. artikuluaren ildotik kolektibitate bakarra eratzeaz herritarren iritzia jakiteko.

«Auzia trenkatuta dago»

Sarkozyk berak bigarren herri bozketaren emaitzak hizpide izan zituen atzo: «Bi lurralde horietan, instituzioen auzia trenkatuta dago; honezkero, denei eskatzen dizuet lekuko ekonomia garapenaren alde buru-belarri jarduteko, lurraldeok berez dauzkaten gaitasun apartekoak haz daitezen». Sarkozyren esanetan, betiere, bi lurraldetako herritarrek egin duten hautuarekin erreformaren bidean aurrera egingo da: « Parlamentua eztabaidatzen hasia den tokiko kolektibitateen erreforma metropolian gauzatu behar liteke».

Martinikan eta Guyana Frantsesean, baina, denak ez dira bat etorri presidentearen adierazpenekin. Autonomista edo independentista ez den arren, Christiane Taubira Guyanako diputatuak Sarkozyren jarrera gaitzetsi du: «Bere kabuz erabaki du herritarrei eskakizuna zuzentzea administrazio erreforma horien kontura, eta gertatu dena da hamar hautesleetatik zazpik agerian utzi dutela ez zutela ezer esaterik gai honetaz». Taubiraren iritzian, ez zen batere bidezkoa Frantziako Konstituzioaren74. edo 73. artikuluen artean hautu bat egin dezaten eskatzea Martinikako eta Guyana Frantseseko herritarrei. Hark baiezkoaren aldeko kanpaina egin zuen urtarrilaren 10eko erreferendumean, eta, ezetza gailentzeak atsekabeturik, boto zuria emateko deia egin zuen joan den igandeko bozketan.

Martinikan, bigarren erreferendumean, baiezkoaren aldeko kanpaina egin dute hamar alderdi politikoek. Horrela egin dute ere hilaren 10eko bozketan baietzaren alde egin zutenek; MIM Martinikaren Independentziarako Mugimenduaren buruzagi eta Frantziako Legebiltzarreko diputatu Alfred Marie-Jeannek tartean. Emaitzen berri izan ostean adierazi du ezin duela esan pozik dagoenik, baietza «hauturik egokiena» bazen ere.

PPM Martinikako Herri Alderdia indar autonomistako buru eta Fort-de-Franceko alkate Serge Letchimy, ordea, pozik azaldu da bigarren herri bozketan baiezkoagailentzeaz: «Martinikako herritarrek gure bideak guk geuk hautatzearen aukera egin dugu; urrats horiek egingo dira baliokidetasunaren eskubidea eta ezberdintasunaren onespena bateratzen ikasi beharko duen errepublika baten barnean».Letchimyk ezezkoaren aldeko kanpaina egin zuen aurreko erreferendumean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.