PDeCATen egoitzan agerraldia egin berri du 2010 eta 2016 artean Kataluniako Generalitateko presidente izan zenak, eta nabarmendu du erabakia hartuta zeukala urriaren 1eko erreferenduma baino lehenago, eta horren berri eman ziela Carles Puigdemont orduan Generalitateko presidente zenari eta alderdiko zuzendaritzari. "Aspalditik ari nintzen erabakia hausnartzen".
Kataluniako preso politikoen askatasuna eskatzen duen xingola horia aldean zuela agertu da prentsaren aurrera, eta, hasteko, azpimarratu du "baztertzea" erabaki duela berriro. Duela hain justu bi urte, Junts Pel Sik eta CUPek Katalunian gobernua osa zezaten, "bazteratzea" erabaki zuen. Generalitateko presidentea zen orduan, eta gobernu hori babesteko Mas presidente ez izatea jarri zuen baldintza bezala CUPek. Puigdemontek ordezkatu zuen.
Hain zuzen, Puigdemont bera buru duen JPC Junts Per Catalunya zerrenda izan du hizpide Masek. "Oso emaitza ona lortu du [bozetan], eta nik gure alderdiarentzako aurreikusitako espektatibak gainditu ditu". Hori da arrazoi politikoa. "PDeCATek bere oinarria zabaldu ahal izateko aukera ematen du emaitza horrek". Pentsatzen du "tokia libre" uztea dagokiola, "pertsona batzuek proiektu honen burutza har dezaten".
Arrazoi judizialak ere izan ditu ahotan: "Datozen hiru hilabeteetan egutegi judizial bati aurre egin beharko diot. Epaitu ninduten, kondenatu eta inhabilitatu A-9rengatik [presidente zenean 2014ko azaroaren 9ko kontsulta ahalbidetzeagatik]. Gorenak berretsi zain dago kondena". Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak kondenatu zuen. Bestetik, urriaren 1eko gertakarien bueltako sumarioa zabaltzea erabaki du Pablo Llarena Auzitegi Goreneko epaileak, eta Mas bera ere ikerketapean dago matxinada egotzita. "Datozen egunetako batean ikertu gisa deklaratu behako dut Madrilen", argitu du. "Ulertezina iruditzen zait". Horrek guztiak, haren esanetan, "maniobratzeko aukerak" mugatzen dizkio. "Muga hauek guztiak ez dituen presidente bat behar dugu PDeCATen".
Palau auzia deitutakoak ere zipriztindu dezake Mas. Bartzelonako Auzitegiak horri buruzko ebazpena kaleratuko du datorren astelehenean. Epaileak CDC Convergencia Masen aurreko alderdia egin dezake Bartzelonako Musikaren Jauregiaren espoliazioaren arduradun. Fiskaltzak CDC salatu zuen, ustez Musikaren Jauregiaren bitartez alderdia finantzatzeagatik. Masek, dena den, kasuan "lekuko" bezala ere ez dutela deitu azpimarratu du.
Hartutako erabakiak ez du "atzera bueltarik", baina adierazi du politikari lotuta jarraituko duela. "Politikan egoteko modu asko daude". Bide batez, jakinarazi du erabakiarekin ez diola inori, "ezta Puigdemonti ere", mezurik bidali nahi.