Artur Mas Generalitateko presidenteak esan du azken hilabeteetan subiranotasun prozesuari dagozkion faseak urratsez urrats egin dituztela —informazioa, parte hartzea, elkarrizketa eta erabakitasuna—, eta prozesu hori "bururatzeko prest" daudela, azaroaren 9ko galdeketarekin.
Galdeketa egiteko baldintzak betetzen direla berretsi du; hiru oinarriren gainean egingo dela aipatu du: "demokrazia, legeak eta elkarrizketa". Gogorarazi du gizartearen "gehiengo zabal batek" babesten duela, eta "adostasun politiko nahikoa" dagoela.
Arlo ekonomikoari dagokionez, adierazi du ez dela "harritzekoa" Espainiaren suspertze ekonomikoak "azentu katalana" izatea, Katalunian "gauzak hobeto" egiten direlako. Gaineratu du "merezimendua Kataluniako gizarte osoarena" dela.
Murrizketen gainean ere mintzatu da. Dioenez, "ahal dena eta gehiago" egiten dute murrizketa gehiago ez egiteko: "Kataluniak austeritate politika oso gogorrak egin behar izan ditu, eta orain boterea daukagu esateko ezin dugula urrunago joan".
Pujolen auziaz
Jordi Pujolen iragarpena hizpide izan du Masek, kazetarien galderei erantzunez —Pujolek onartu berri du 30 urtez dirua legez kanpo gorde duela, atzerrian—. Masen arabera, jakinarazpen horrek eragina izan dezake subiranotasun prozesuan: "Inork ez daki zehazki Kataluniako prozesuari eragingo dion, baina probabilitateen kalkuluaren barruan dago". Hala ere, uste du Kataluniak "nahikoa indar" duela "aurretik dituen erronkak gainditzeko".
Gainera, espero du ustelkeriarekin lotutako kasu gehiago ez egotea, ez Katalunian, "ezta Espainian ere". Haren arabera, azken horretan badira zenbait kasu, "orain horietaz gutxiago hitz egiten bada ere".